Politika
Ustelkeria PP-N
Rajoyren Gobernuko goi-karguak seinalatuta, Barcenasen espioitzaren auzian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fiskaltzak uste du Alderdi Popularra bere B kutxaren ikerketa judiziala oztopatzen saiatu zela, eta Jorge Fernandez Diaz eta Maria Dolores de Cospedal auzipetzea eskatu du.
Mariano Rajoyren agintaldian (2013-2015), Alderdi Popularrak Polizia politikoa deitutakoa bere mesedetan erabili zuen, Luis Barcenas diruzain ohiak PPren B kutxari buruz izan zezakeen informazioa kentzeko eta ustelkeriari buruzko ikerketa judiziala oztopatzeko.
Kitchen auziko epaileak eta fiskalak egindako ikerketaren arabera, Jose Manuel Villarejo komisarioari agindu zioten ezkutuko polizia-operazio horren ardura. Ikertzaileen arabera, trama horren atzean Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohia, Francisco Martinez Estatuko Segurtasun idazkari ohia eta Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia ohia egon lirateke.
Francisco Martinez Luis Barcenasen kontrako espioitzaren auzian dago inputatuta, eta antzeman dizkioten hainbat mezutan esaten du bera deklaratzera deitzen badute, hurrengoa Jorge Fernandez Diaz izango dela eta litekeena dela azkenean Mariano Rajoyk ere deklaratzera deitzea.
Mezu horiek erabakigarriak izan dira ikerketan, eta Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak Fernandez Diaz eta Maria Dolores de Cospedal eta haren senarra Ignacio Lopez del Hierro auzipetzea eskatu du, prebarikazioa, sekretuak argitaratzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
EFE agentziak zabaldu duenez, Fiskaltzaren idatzian Martinezek telefono bidez hainbat lagunekin izandako elkarrizketak transkribatuta agertzen dira eta mezu horiek erakusten dute 2013an jarri zutela martxan Kitchen operazioa eta Fernandez Diaz Barne ministro ohiak bazuela horren berri.
Enrique Garcia Castaño komisarioari edo Eugenio Pino Poliziaren zuzendariaren ondokoa zenari ere bidali zizkien mezuak. Barcenasi PPri buruzko informazioa kentzeko agindua eman ziotenek bakarrik utzi zutela eta, bere haserrea agertu zien.
Halaber, Jose Ramon Navarro Auzitegi Nazionaleko presidentearekin ere hitz egin zuen 2019ko ekainean, eta elkarrizketa hartan Rajoy, Fernandez Diaz eta Cospedal "miserableak" direla salatu zuen. "Ministerioan egin nuen akatsik larriena Jorge, Rajoy eta Cospedal bezalako miserableekin leiala izatea izan zen. Eta, zorionez, hori dena oso argi daukat eta oso erraz frogatu ahalko nuke".
2019ko ekainean, berriz, ondoko mezua igorri zion Eugenio Pinori: "GPk (Garcia Castaño) inplikatzen banau, ziurtatzen dizut atzetik JFD (Fernandez Diaz) joango dela eta litekeena da MRk (Mariano Rajoy) ere deklaratu behar izatea".
Horrez gain, Estatuko Segurtasun idazkari ohiaren telefonoan 2019ko urriko ohar bat ere topatu zuen fiskaltzak. Instrukzioak "oso zehatzak" zirela, lehendabiziko aginduak 2013ko uztailean jaso zituela eta "informazioa eskuratzeko esanez egunero presio" egiten ziotela aipatzen zuen. “Esku artean dugun gairik garrantzitsuena da”, esan zion sarritan Fernandez Diazek.
Auzi honetan pertsona erabakigarri bat Sergio Javier Rios Esgueva da, Barcenasen gidaria. Estatuko diru erreserbatuarekin ordaindu zitzaion, informazioa lortzearen truke. Gizon horri aipu eginez ere hainbat antzeman dituzte.
Alabaina, beste mezu askotan auzi honek Mariano Rajoy berari ere eragin diezaiokeelako ohartarazi zuen Martinezek. 2019ko martxoaren 24an, esaterako, hauteskunde zerrendetatik kanpo utzi izana aurpegiratu zion eta ordura arte erakutsi zuen "leialtasuna eta konpromisoa" kontuan hartuta, "bazterrean" ez uzteko galdegin zion Gobernuko presidente ohiari.
Jose Villarejo komisarioari antzemandako elkarrizketetan ere sarritan aipatzen da Rajoyren izena. Hala dio Fiskaltzaren txostenak.