13:39

Politika

JAURLARITZA BERRIA

Urkulluk elkarrizketa eta akordioa eskaini ditu "Euskadi berriro martxan jartzeko"

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gobernu berriak hiru lehentasun ditu: legegintzaldiko egutegia eta aurrekontuak bideratuko dituzten ildo ekonomikoak diseinatzea, pandemia gainditzea eta egungo egoera ekonomikoari aurre egitea.

1:26
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hamaika sailburuen kargua hartzeko ekitaldia zuzendu ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak "elkarrizketa eta akordiorako borondatea" eskainiko diela erakundeei, alderdi politikoei eta gizarteari, "Euskadi berriro martxan" jartzeko helburuarekin. Ajuria Enea kanpoan egin ditu adierazpenok, sozialistek eta jeltzaleek koalizioan osatutako gobernu berria aurkeztu eta gero.

"Gure ardura eta determinazioa indarrak biltzea da, Euskadirentzat etorkizun berri bat bermatzeko eta aurrera egiteko. Entzun, erantzun eta batu, euskal gizartearen beharrei, eskakizunei eta desioei hobeto erantzuteko", esan du Ukulluk.

"Etapa berria abiatu dugu, eta zailtasunak ezagunak dira. Baikorrak gara, inguruabarrak malkarrak diren arren". "Badakigu zer den jausi eta berriro altxatzea", erantsi du.

Lehendakaria gobernu berria osatuko duten pertsonak izendatzeko dekretuak irakurtzen hasi da, eta, ondoren, banan-banan joan dira karguaz jabetzen. Gero, hitza hartu du Urkulluk. Lehen berbak aurreko legegintzaldian sailburu izan direnei eskerrak emateko erabili ditu. Segidan, egungo egoeraren argazkia egin du.

"Aro berri hau zaila" izango dela esan die sailburu berriei, eta jarrera eredugarri baten beharra azpimarratu du. "Indarrak batu behar ditugu, eta herritarrengana gerturatu behar gara. Eman diezaiegun erantzuna egungo erronkei, eta eraiki dezagun etorkizun hobe bat, guztientzako aukerak dituena eta inor atzean utzi gabe", esan du.

Hirugarrenez lehendakari aukeratu zutenean egin zuen bezala, EAJk eta PSE-EEk hitzartutako akordioa nabarmendu du, "itun sendoa" dela eta "egonkortasuna eta gaitasuna" bermatuko dituela azpimarratuz. "Oso irekia da, eta akordio horren edukiak banan-banan beteko ditugu", hitz eman du.

Ildo horretan, legealdi berriari begira hiru lehentasun dituztela argitu du: legegintzaldiko egutegia eta aurrekontuak bideratuko dituzten ildo ekonomikoak diseinatzea; pandemia gainditzea, osasun eta hezkuntza sistemak eta gizarte zerbitzuak sendotuta, eta egungo egoera ekonomikoari aurre egitea.

Lehentasun horiekin batera, lau erronka iragarri ditu: osasun trantsizioa eta kurba demografikoa; trantsizio teknologikoa eta digitala; trantsizio ekologikoa eta energetikoa, eta autogobernua sendotzea.

Hirugarren legegintzaldi hau "pozik eta espiritu berriarekin" hasi du lehendakariak, eta bere lantaldearen konpromisoa "zintzotasunean, osotasunean eta gardentasunean" oinarrituko dela nabarmendu du. "Gertuko kudeaketa egingo dugu, benetakoa, arduratsua, irekia eta eraginkorra", iragarri du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena