Politika
Jaurlaritza berria
EITB.EUS
Urkulluk euskaraz egin dio zin Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguari, eta bere agintaldia "leialtasunez beteko" duela esan du.
Albisteak (4)
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)
Iñigo Urkullu lehendakari izendatu berriak karguaren zina egin du larunbat honetan, hirugarrenez. Gernikan egin ohi den ekitaldiak, baina, ez du aurreko biekin zerikusirik izan, covid-19aren pandemia tarteko.
Eusko Jaurlaritza osatuko duten kideen izen-abizenak ez ditu 15:00ak arte jakinaraziko lehendakariak, batzuk jada ezagunak badira ere.
Ekitaldia, eitb.eus-ek zuzenean eskaini duena, 12:00etan abiatu da Gernikako batzar etxean, segurtasun neurri zorrotzen artean. Izan ere, batzar etxeak edukiera mugatua izan du, eta gehienez 72 pertsona batu ahal izan dira; tartean egon dira legebiltzarkideak, Iñigo Urkulluren senitartekoak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea.
Urkullu emaztearekin iritsi da gaurko ekitaldira. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea zuen zain, eta 'Gernika Arbola' doinuarekin sartu dira Batzar Nagusietara. Aurrekoetan ez bezala, gaurkoan ez da zin egiteko ekitaldian izan bere ama.
Iñigo Urkullu iritsi den unea. EiTBren zuzeneko emankizunetik hartutako irudia.
Leiarpeko Aretoan, berriz, 63 pertsona bildu dira, denak jesarrita. Handik jarraitu dute kazetariek ekitaldia. Talde parlamentarioek ezin izan dute gonbidaturik eraman. Agintariei dagokienez, honakoak egon dira: Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, Espainiako Gobernuaren izenean, eta Maria Chivite Nafarroako presidentea, Foru Gobernuaren ordezkari.
Ekitaldia hasi den unea. EiTBren zuzeneko emankizunetik hartutako irudia.
Zin egitea
Lehendakari izendatu ostean, Iñigo Urkullu Juntetxetik irten da Gernikako Zuhaitzaren aurrean zin egiteko. Bere ondoan joan da hara ere Bakartxo Tejeria.
Urkulluk euskaraz egin dio zin Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguari, eta bere agintaldia "leialtasunez beteko" duela esan du.
'Apal-apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko-lur gainean zutik eta Gernikako haritzaren azpian, asaben gomutaz, herri-ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo beteko dudala zin dagit' izan da erabili duen formula.
Zin egitea amaitutakoan, Ertzaintzaren musika bandak "Euzko-Abendaren Eserkia" jo du.
Jaurlaritza berria
EAJ eta PSE-EEren koalizio-gobernuak izango dituen bi lehendakariordetzak eta 11 sailak nortzuek gidatuko dituzten hemendik ordu batzuetara jakingo da. Lehendakariordetza horietako bat EAJren esku geratuko da, eta bestea, PSE-EEren esku. Ziurtzat jotzen da Idoia Mendia lehendakariorde eta Enplegu eta Lan sailburu izango dela.
Baieztatuta dago Jokin Bildarratz senatari jeltzalea ere Jaurlaritzan sartuko dela. Hain justu, Estefania Beltran de Heredia orain arte Segurtasun sailburu izan denak hartuko du haren lekua goi ganberan, EAJk horretarako proposatu baitu. Hainbat iturriren arabera, zortzi urtez Tolosako alkate izandakoak Cristina Uriarte ordezkatuko du Hezkuntza Sailean, baina Lehendakaritzatik ez dute albistea baieztatu eta Urkulluren iragarpenaren zain egoteko eskatu dute.
Sonia Perez sozialistak ere ez du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailean jarraituko, eta Javier Hurtado PSE-EEko Arabako diputatuak hartuko du haren tokia.
Iñaki Arriolak, berriz, Gobernuan jarraituko du. Ingurumen Saila utziko du, baina Etxebizitza Saileko buru izaten segituko du eta litekeena da Garraio Departamentuko arduradun izendatzea ere.
Gainerakoan, Lehendakaritza iturrietatik aurreratutakoaren arabera, EAJk Gizarte Politikak, Justizia eta Ingurumena hartuko ditu bere gain.
Sailburuek irailaren 8an (asteartea) egingo dute karguaren zina, eta egun berean egingo dute hamabigarren legealdi honetako lehen gobernu bilera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa