21:33

Politika

Espetxe politika

Igor Gonzalez Sola presoa hilik topatu dute bere ziegan, Martutenen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Preso bilbotarrak 47 urte zituen, uztailean eraman zuten Martutenera eta zigorraren hiru laurdenak beteta zituen. Sarek manifestazioa deitu du iganderako Bilbon.

  • Martuteneko espetxearen artxiboko irudia.

    Martuteneko espetxearen artxiboko irudia. ETBko bideo batetik hartutako irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Igor Gonzalez Sola ETAko presoa hilda topatu dute Martuteneko bere ziegan gaur arratsaldean, EFE agentziak kartzelako iturriak aipatuta zabaldu duenez.

Espetxeko arduradunek haren senideak eta guardiako epaitegia ohartarazi dituzte. Autopsiaren emaitzaren zain daude.

Igor Gonzalezek 47 urte zituen eta joan den martxoan bete zituen zigorraren hiru laurdenak. 2005ean espetxeratu zuten. 20 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten ETAko kide izatea egotzita.

Espetxeetako Zuzendaritzak onartuta, 2018an Madriletik Soriako espetxera lekualdatu zuten, eta joan den uztailean eraman zuten Martutenera.

Manifestazioa deitu dute iganderako Bilbon

Sare herritarrak Igor Gonzalezen heriotza salatu eta manifestazioa deitu du igande honetan Bilbon, 12:00etan.

"Edozein preso bortizki hiltzeak kartzela-sistemaren porrota dakar, eta horixe salatu du Sarek aspalditik", adierazi du ohar batean.

"Kartzela ezin da pertsonen biltegi bat izan, non pilatuta bizi diren kondena amaitu arte", erantsi du.

Sarek gogoeta egiteko eskatu die alderdi politikoei eta erakundeei. "Igorrek, beste preso askoren kasuan bezala, sistema anker baten ondorioz bizia galdu du, aparteko baldintzetan bere espetxe zigorrari aurre egitearen ondorioz, salbuespen legediaren ondorioz. Horrek gogoeta eginarazi behar die erakunde eta alderdi guztiei", azpimarratu du.

Horrez gain, gogora ekarri du Igor Gonzalezek "eskubide urraketa ugari" jasan zituela eta zigorraren hiru laurdenak beteta zituela. "Ohiko legedia ezartzen zaien gainontzeko presoei aplikatzen zaien espetxe-araudi bera aplikatu izan balitzaio, gaur egun aske eta bizirik egongo zen".

"Ez gara aspertuko etxean nahi ditugula eta, batez ere, bizirik nahi ditugula errepikatzeaz. Salbuespen-legeak heriotza dakar eta guztion ardura da politika hau betiko bertan behera lagatzea", ohartarazi du.

Etxerat elkarteak ere salatu du Igor Gonzalzen heriotza eta datorren igandean Sarek antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.

"Sakabanatze-politikak beste biktima bat eragin du. Guztira 22 pertsona hil dira espetxean, medikuen laguntza ezaren, salbuespeneko espetxe-politikek eragindako muturreko bizi-baldintzen eta euskal preso politikoek duten presio jasanezinaren ondorioz", salatu dute ohar batean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena