Itxi

Politika

INBESTIDURA SAIOA

Egibarrek esan du EH Bilduren "helburu bakarra" EAJ Gobernutik kentzea dela

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Joseba Egibarrek gogor kritikatu du koalizio soberanista eta, besteak beste, pandemia eta Zaldibarko zabortegiko luizia EAJren Gobernuari "kalte egiteko" erabili dituela egotzi dio.

31:37
Joseba Egibar. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Joseba Egibar EAJko bozeramaileak EH Bildu gogor kritikatzeko baliatu du bere interbentzioa Legebiltzarreko inbestidura saioan.

Eusko Jaurlaritzari eta EAJri kalte egiteko "estrategia suntsitzailea" erabili duela aurpegiratu dio, koronabirusaren pandemiak eragindako krisiak "batasuna eta elkarlanean aritzea eskatzen duenean".

"Ikusezina den zorigaiztoko birus honek bakoitza bere lekuan jarri du eta herri honek Urkullu aukeratu du lehendakari gisa, alde handiarekin gainera", azpimarratu du.

"Ezker abertzaleak beti izan du arazoa herri hau ulertzeko. Nahiago izan du irudikatzen duten herri hori eraikitzea eta ondoren herria bere desiora erakartzea; eta bitartean EAJk herriari entzun dio eta ez da herria aldatzen saiatu", adierazi du.

Egibarren esanetan, EH Bilduk helburu bakarra dauka: EAJ boteretik kentzea. "Eta bide horretan oposiziotik estrategia suntsitzailea egin du", salatu du. "Zuekin edo zuek gabe, herri honek aurrera egingo du. Zuek gabe, zailagoa izango da, baina ez da ezinezkoa", erantsi du.

Halaber, Espainian PSOEk eta Unidas Podemosek osatu duten koalizio-gobernuarekin "elkarlanean ari diren bitartean", Eusko Jaurlaritzarekin jarrera bera ez izatea leporatu dio koalizio soberanistari.

Harago ere joan da Egibar, eta esan du EH Bilduk koronabirusak eragindako larrialdi egoera eta Zaldibarko zabortegiko luizia EAJri "kalte egiteko" erabili dituela.

Alderantziz, Elkarrekin Podemosek eta PPk "oposizio eraikitzailea" egin dutela adierazi du, gai batzuetan akordioetara iristeko "ate bat gutxienez irekita izan dutelako".

Estatu politiko berriari dagokionez, EAJk ez diola ezeri ukorik egin azpimarratu du. Edonola ere, aitortu du "autogobernua herritarren borondatearen arabera eguneratu behar dela".