Politika
INBESTIDURA SAIOA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koronabirusaren pandemiak eragindako krisi larriari aurre egiteko laguntza eskatu die Iñigo Urkulluk oposizioari, erakundeei, eragile publiko eta pribatuei eta euskal gizarteari.
Albisteak (2)
Koronabirusaren pandemiak eragindako krisi larriari aurre egiteko laguntza eskatu die Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak oposizioari, erakundeei (Espainiakoa Gobernua barne), eragile publiko eta pribatuei eta euskal gizarteari.
Hirugarrenez lehendakari izendatuko dute gaur Iñigo Urkullu, oraingoan, gainera, gehiengo osoz. Eusko Jaurlaritzan ostegun honetan egiten ari diren inbestidura saioan hizketan hasi eta berehala esan du koronabirusaren pandemiak eragindako krisi larri honen aurrean "gure herriak dituen erronkei" erantzuteko bere proiektua aurkeztera datorrela.
Iñigo Urkullu lehendakariak gogoan izan ditu bai covid-19aren ondorioz zendutakoak, baita Zaldibarko zabortegian zendutako bi langileak ere.
"Triunfalismoak eta autokonplazentziak" alde batera utzita, Urkulluk uste du Euskadik "eredu funtzionala" duela, nahiz eta "hobetzeko asko" duen. Bere taldeak euskal gizartearekin lanean jarraituko duela gaineratu du.
Lehendakari izateko hautagaiak azpimarratu du erakundeek "pertsonak babesteko" betebeharra dutela beste behin, zerbitzu publikoen eta giza-politiken bitartez.
Hori kontuan izanda, erakundeen arteko nahitaezko koordinazioa eskatu dio gobernu berriari. "Etorriko den krisi gogorrak gizartean izango ditu ondoriorik latzenak, muturreko egoeran bizi diren pertsona eta familien zailtasunak agerian utziz".
Horregatik, "gizarteari eman beharreko babesa izan behar da nagusi eztabaida guztietan", horixe baita berdintasunik eza geldituko duen neurri garrantzitsuena. "Oinarri gutxi batzuk ez badira komunean jartzen, eragile publiko eta pribatuek ez badute ahaleginik egiten, ezinezkoa izango da aurretik dugun egiteko hori aurrera eramatea", azaldu du Urkulluk.
Enplegua lehenetsi eta oinarrizko zerbitzuetan murrizketarik ez egin
Urkulluk kudeaketa "zorrotza, arduratsua, gardena eta eraginkorra" proposatu du aurreneko konpromiso gisa, eta Euskadi "herrialde kaudimentsua" dela eta "kontu publikoetan zorroztasuna" mantenduko dela azpimarratu du.
Lehendakariaren hitzetan, bere "lehen betebeharra hurrengo 100 egunetan, kudeaketa publiko eraginkor bat martxan jartzeko baliabideak onartzea izango da", horien artean, "Herrialdearen 15 helburuak" batzen dituen egitasmoa eta oinarrizko zerbitzuetan murrizketarik egingo ez duela ziurtatzen duen aurrekontua. Elkar lanerako espirituaren, auzolanaren eta autogobernuan sakontzearen alde agertu da Iñigo Urkullu.
Era berean, enplegua eta suspertze ekonomikoa hizpide dituen elkarlana euskal erakundeen eta enpresa pribatuen artean, Europar Batasuneko "Next Generation" funtsekin "10.000 euroko inbertsio bai publiko bai pribatua eratu nahian", pandemiari aurre egiteko osasun egitasmoa eguneratzea eta legearen onarpena edota hezkuntzaren digitalizaziorako egitasmoa ere aipatu ditu Urkulluk.
Azkenik, euskal enpresei bideratutako finantzazio egitasmoa ere aipatu du lehendakariak, baita enpresa txiki eta ertainei, autonomoei, merkataritzari, ostalaritzari, kulturari eta turismoari bideratutako laguntzak ere 2021eko aurrekontuen baitan.
"Jaurlaritzak egoerari eta etorkizuneko erronkei egokitutako jarrera erakutsiko du, elkarrizketan eta akordioetara iristeko gaitasunean oinarrituz", adierazi du Urkulluk.
Parte hartzeko deia
Jarduneko lehendakariak "parte hartzeko" deia egin du. "Euskadirentzat proiekturik onena aniztasuna eta pluraltasuna bilduko dituena da", esan du. "Ganbera honek horrela babesten badu, egun gutxi barru etorkizuneko politikak diseinatzen eta proposatzen hasiko gara", gaineratu du.
Lehendakariak eta horren talde osoak arduraz jokatzeko garaiak bizi dituela Euskadik azaldu du. "Nire konpromisoa duzue. Zuena izatea ere espero dut, baita euskal gizarte osoarena ere bai”, azaldu du.
Polemikak alde batera utzi behar dira Urkulluren ustetan, "urgentziaz konpondu beharreko arazoak baitira orain inporta dutenak, pandemiari aurre egitea, alegia". Hauteskundeak egin izana erabaki zuzena izan dela ere gaineratu du.
Lehendakari izateko hautagaiak ohartarazi du krisi ekonomiko, osasun krisi eta giza krisi honek denoi eragiten digula, eta guztioi berdin, gainera. Testuingurua gogorra izango dela eta horren aurrean gogoeta egin eta erabakiak hartu beharko direla esan du.
Zaintza eredu berriak
Adinekoen osasun egoeran eta horien zaintzetan berrikuntzak egiten jarraituko duela esan du Iñigo Urkulluk, guztiok bizitza duin bat izateko beharrezko baliabideak izan ditzagun.
Horren harian, azpimarratu du legealdi honetan onartuko dela Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren Legea. "Gizartean dugun berdintasunik ezari aurre egiteko, prekarietatearen, ziurgabetasunaren eta gizarte bazterkeriaren aurka lan asko egin behar da”, adierazi du.
Urkulluren ustetan, birusak osasun arloan gizarte osoari eragiten badio, gizarte mailan dauden desberdintasunak are gehiago uzten ditu agerian, eta horren aurrean kezka agertu du. Hori dela eta, beharrezkotzat jo du krisi ekonomiko hau gainditzen lagunduko duten "erreformak eta ekimen eta proiektu berriak" martxan jartzea.
Argazkia
Osakidetzaren eraberritzea
Langabezia-tasa % 10etik jaisteko helburuaz gain, berrikuntzak eta garapenak Europako batez bestekotik gora egitea, pobrezia-tasak % 9tik behera jaistea, berotegi-efektuko gasak % 30 murriztea eta energia berriztagarriekin % 20 erdiestea ere aipatu ditu lehendakariak.
Era berean, Osakidetzaren eraberritzearen inguruan ere aritu da, hain zuzen ere, 4.000 langile gehiago kontratatzeko helburua aipatuta, baita 30.000 gazteri lehen lan esperientzia bermatzea ere, 4.000 enpresa berri sortzearen alde egitea eta tokian tokiko lan-egitasmoetarako 140 milioi euro bideratzea.
Bestalde, aldi baterako kontratuen inguruko ikerketa sakona martxan jarriko dutela adierazi du Urkulluk, berau aztertu eta arautu nahian, urtean 7.000 langileri kontratu mugagabea eskainiz, baita industriak eta zerbitzu aurreratuek % 40ko BGGa lor dezaten ikerketako 120 proiektu estrategiko sustatzea eta 100 ikerlari gehiago kontratatu Ikerbasque sarearen baitan eta nekazaritza ekologikoa lehenestea, produkzioa 7.500 hektareatara gehituz.
Eskola publikoetako irakasleen jarraipen-tasa % 80tik gora hobetzea, lanbide heziketa duala hedatzea eta 5.000 euskal enpresa sistema honen parte izatearen inguruan ere aritu da Urkullu.
80 urtetik gorako adinekoei telelaguntza eskainiko zaiela ere iragarri du lehendakariak, eta lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak ere izan ditu hizpide.
Elkarrizketa soziala
Elkarrizketa mahaia eragile sozial eta ekonomikoen erdigune gisa definitu du Urkulluk, eta "atea zabalik" dagoela azpimarratu du.
Energia eta klimari ere aipamen berezia egin die lehendakariak, Euskadin klimaren aldeko "Green Deal" itun soziala adostuko dela iragarriz, Europako eta Parisko COP 21 akordioekin bat etorriko dena. Lehentasunen artean, energia berriztagarriak, klima aldaketa, ekonomia, mugikortasuna eta garraiobide jasangarriak izan ditu aztergai.
Estrategia energetiko berria sustatzen jarraituko dutela ere iragarri du, zeinak berriztagarrien aldeko apustu irmoa egiten duen, eta naturaren iraupenaren eta biodibertsitatearen alde egingo duen. "2050. urterako, berotegi-efektuen emisioak kontrolpean izango ditugu", nabarmendu du.
Azkenik, Euskadik erronkei eta erreformei heltzeko orduan "elkarlan politiko gehiago" behar duela aitortu du. "Itunak, koordinazioa eta ekintza erakunde publikoen artean, baita enpresa publiko eta pribatuen arteko elkarlana sustatzea ere", adierazi du Iñigo Urkulluk. "Gizartearekin hitzarmen bat sinatu nahiko genuke" osasun arloan, ekonomia arloan, gizartean eta lan arloan berpizteko estrategiak elkarlanean garatzeko asmoarekin, erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa