09:28

Politika

Inbestidura saioa

Urkullu lehendakari izendatuko du gaur Legebiltzarrak, gehiengo osoz

EITB.EUS

Aurrekoetan ez bezala, gehiengo eroso batekin gobernatuko du buruzagi jeltzaleak, PSE-EErekin lortutako akordioari esker. Beste hautagaiak, Maddalen Iriartek (EH Bildu), 21 boto izango ei ditu alde.

  • Urkullu Legebiltzarrean.

    Urkullu, ganberan. Argazkia: Eusko Legebiltzarra

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Sorpresarik ez da espero. Eusko Legebiltzarrak Iñigo Urkullu EAJren hautagaia inbestituko du ostegun honetan. Gehiengo osoarekin (38 eserleku behar dira gehiengo oso lortzeko) hautatuko dute buruzagi jeltzalea, EAJren (31) eta PSE-EEren (10) legebiltzarkideen babesa izango baitu (41 boto, guztira). Maddalen Iriarte EH Bilduren hautagaia, horrenbestez, ez da aurkari izango, bere koalizioko ordezkarien botoak (21) baino ez omen baititu jasoko.

Inbestidura saioa 09:30ean abiatu da, eta zuzenean jarraitu ahal izan da eitb.eus-en. XII. legegintzaldia hasi zenetik koronabirusaren pandemiak eragin zuzena izan du ganberako bilkuretan, eta honakoa ez da salbuespena izan. Hala, distantzia soziala eta segurtasun neurriak bete behar izan dituzte legebiltzarkideek.

Aurreikusitakoaren arabera, hautagai bakoitzak 90 minutu izan ditu bere proposamenak azaltzeko. Iñigo Urkulluk EAJren eta PSE-EEren arteko akordioaren xehetasunak eskaini ditu. Dokumentua asteartean sinatu zuten Andoni Ortuzarrek, Idoia Mendiak eta jarduneko lehendakariak, baina azken horrek azalduko du zertan den.

Urkulluk lau zatitan egituratu du bere hitzaldia. Batetik, COVID-19aren egoera eta ondorioak izan ditu hizpide. Legealdirako gakoak ere eman ditu. Hirugarrenik, gobernu programa azaldu du, hiru alor nagusi izango dituena: arlo soziala, garapen jasangarria eta trantsizio teknologikoa. Azkenik, autogobernuaz mintzatu da EAJren hautagaia. Guztira, ordu eta laurdeneko hitzaldia eskaini du.

Iriartek, bere aldetik, "bestelako politika publikoak eta gobernatzeko bestelako moduak" badaudela aldarrikatu du. EH Bilduren lehendakarigaiak "politika publikoak aldatzearen beharra" azpimarratu du. "Osasungintzaren, hezkuntzaren eta zainketaren inguruan luze eta zabal aritu behar gara. Gainera, erantzunak eman nahi ditugu krisi gogor hau pairatzen ari diren guztiei. Uko egiten diogu betikoek pairatzen jarraitzeari eta erantzunak eman nahi ditugu", esan zuen asteartean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean.

Taldeen txanda, arratsaldean

Urkulluren eta Iriarteren hitzaldien ostean, bertan behera geratu da bilkura. 14:30ean berrekingo diote, eta talde parlamentarioen bozeramaileena izango da hitza. Txikienetik handienera, 30 minutuz aritu ahalko dira (Voxen legebiltzarkideak, Talde mistoaren baitan, gainerako bozeramaileen denboraren herena izango du). Hautagai bakoitzak 30 minutu izango ditu gehienez erantzuteko, eta taldeek beste 10 minutu izango dituzte ihardesteko. Ondoren, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak eten egingo du bilkura, eta, atseden baten ostean, bozketa egingo dute. 

Ezustekorik ezean, Urkulluren hautagaitzak 41 boto jasoko ditu (EAJrenak eta PSE-EErenak), eta hortaz, gehiengo absolutuarekin eta lehen bozketan izendatuko dute lehendakari. Aurreko bi saioetan, bigarren bozketan aukeratu zuten, gehiengo soilez. Maddalen Iriartek 21 boto izango ditu alde, koalizio abertzalearenak, hain justu.

Ordezkaritza duten gainerako alderdiek (Elkarrekin Podemos-IU —sei ordezkari—, PP-Cs —sei legebiltzarkide— eta Vox —ordezkari bat—) abstentziora joko dute, Legebiltzarreko arautegiak alde bozkatzeko edo abstenitzeko aukera ematen baitu soilik (ezin da kontra bozkatu).

Inbestidura gauzatuta, Jaurlaritza berriaren sailak (11 izango omen dira, orain arte bezala) eta sailburuak zeintzuk diren iragarriko du Urkulluk. Jakina da Idoia Mendia Jaurlaritzan sartuko dela, baina oraindik ez dute argitu lehendakariorde edo sailburu izango ote den. Antza, larunbatean egingo du iragarpena lehendakariak, Gernikako arbolaren azpian karguaren zina egin ostean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena