11:12

Politika

Elkarrizketa

Maddalen Iriarte: "Mendia-Urkullu bikoteak ezer gutxi ekarriko digu"

Radio Euskadi | Erredakzioa

EH Bilduko lehendakarigaiak adierazi duenez, Idoia Mendia gobernuan sartu izana "aulki-joko hutsa" da. Bestalde, ardugabekeriatzat jo du eskoletako geletan 20 umetik gora elkartzea.

1:09
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Maddalen Iriartek, EH Bildu alderdiko lehendakarigaiak, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan esan duenez, "arduragatik" soilik aurkeztuko da inbestidura ekitaldira, bere hitzetan, "EH Bildu baita aukerarik onena". Bestalde, EAJ alderdiko Parlamentuko bozeramaileari zera erantzun dio: "ez dadila nahastu Joseba Egibar. EH Bilduk inork baino emaitza hobeak jaso ditu bozkei erreparatuz gero". Iriartek bere zalantzak aurkeztu ditu EAJ-PSE akordioaren inguruan eta "orokorkerietan jaustea" leporatu die.

EH Bilduko lehendakarigaiaren hitzetan, "herritarren bizitza hobetu ahal izateko proposamenak egingo ditugu, eta horretarako, politika publikoak aldatu behar ditugu, eta osasungintzaren, hezkuntzaren eta zainketaren inguruan luze eta zabal aritu behar gara. Gainera, erantzunak eman nahi ditugu krisi gogor hau pairatzen ari diren guztiei. Uko egiten diogu betikoek pairatzen jarraitzeari eta erantzunak eman nahi ditugu". Eusko Jaurlaritzak Confesbask eta enpresa boteretsuek diotenari men egiteari dio beldur Iriartek.

Ez dio garrantzia handirik eman nahi izan Idoia Mendiaren, PSE-EEren idazkari nagusiaren, izendapenari. Iriarteren hitzetan, "Idoia Mendia gobernuan sartu izana "aulki-joko hutsa" da "soilik", eta zera gaineratu du: "lehendakariordetza bat, bi edo hiru egon, horrek ez du berritasunik ekarriko, Mendia-Urkullu bikoteak ezer gutxi ekarriko du. Gernikako Estatutua osotzen jarraitzearen inguruan hitz egiten jarraitzeak kezkatzen nau, herrialde honetako gizonezko eta emakumezko guztiak babesten dituen estatutu berri baten inguruan hitz egin beharrean".

Elkarrekin Podemos alderdiak bere hautagaitzaren alde egin ez izanaren inguruan, bere desira bidelagun izatea zela aitortu du, "erabakiak harritu egin nau, kanpainan zehar, ezkerreko hiru alderdiren koalizio baten alde egin nahi zutela esan ohi zuten, eta nire hautagaitza babesteko aukera izan dutenean, ez dute egin; hala ere, jakin badakit emaitza txarrak izan dituztela eta norantz jo aztertzen ari direla". 

"Gobernua kudeatzeko beste eredu baten alde jardutea eskatu nahi diogu Eusko Jaurlaritzari". adierazi du Maddalen Iriartek. Horretarako, sindikatuekin eta gainontzeko alderdi politikoekin jarduteko deia egin dio Iriartek. Bestalde, eskoletako geletan 20 umetik gora elkartzearen aurka aurkeztu da, "arduragabekeria" dela argudiatuz. Gainera, deseskalatzean zehar, hauteskundeak egiteko "presa handiegia" egon zela azaldu du eta gizarteari "terrazetara eta oporretara joateko deia" egin zela. "Tentuz jokatu beharko genuke, gizarteari mezu kontrajarriak eskaini baitizkiogu" adierazi du Maddalen Iriartek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena