20:20

Politika

Bateragune auziaren ondotik

Otegi: "Kataluniako auziak Estrasburgon amaituko du, baita Altsasuko kasuak ere"

Agentzia | Erredakzioa

'Proces' eta Bateragune auzien arteko "antzekotasun handiak" ikusten ditu EH Bilduko koordinatzaileak: "Guztiak independentistak gara eta inpartzialak ez diren epaitegien aurrean gaude".

  • Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Artxiboko argazkia: EFE

    Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

“Kataluniako auziak Estrasburgon amaituko du, baita Altsasuko gazteen kasuak ere. Eta Estrasburgok Espainiako Justizia lotsagarri utziko du berriro”, iragarri du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

'Proces' eta Bateragune auzien arteko “antzekotasun handiak” ikusten ditu EH Bilduko koordinatzaileak. Auzitegi Gorenak, azkenean, Bateragune auziko epaia eta zigorrak baliogabetu ditu, Estrasburgok Espainia zigortu ondoren, epaileari inpartzialtasun falta egotzita. Hala ere, Otegik eta gainerako auzipetuek sei urte eta erdiko espetxe-zigorrak osorik bete dituzte.

“Guztiak independentistak gara eta inpartzialak ez diren epaitegien aurrean gaude”, esan du Otegik Kataluniako RAC1 irratian, bi auziak alderatuz.

"Etsaiaren zigor zuzenbidea aplikatzen ari dira"

“Espainia zuzenbide estatua eta justizia independentea dela defendatzea ez da egia”, ziurtatu du Otegik. Buruzagi abertzalearen ahotan, justizia “gai politikoak ebazteko tresna politiko” bezala erabiltzen dute.

Zentzu horretan, Fiskaltzak helegitea aurkeztu ondoren 'proces' auziko presoei hirugarren gradua bertan behera utzi dietela adibide bezala jarri du Otegik: “Mendeku zital bat da. Etsaiaren zigor zuzenbidea aplikatzen ari dira”.

Bateragune auziaren atzean “Estatu operazio” bat zegoen, Euskal Herriko bake prozesua zapuzteko eta “ezker abertzalean zatiketa bat eragiteko”, baina ez zuten helburua lortu, Otegik salatu duenez.

Bestalde, Cadena Ser irratiari egindako adierazpenetan, Espainiako Justiziaren independentzia defendatu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. “Maniobra politikoa izango balitz, Auzitegi Nazionalak epailea baztertuko zuen, horrek epaia baliogabetzea ekarri baitu”, argudiatu du buruzagi sozialistak.

“Gorenaren erabakiarekin, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren oharrei jarraituz, argi geratu da independentzia judiziala; Espainian etengabe zalantzan jarri arren, baina epaileak independenteak dira, eta bakoitzak legeak bere jakituriaren eta ulermenaren arabera interpretatzen ditu. Hori da independentzia judiziala, gustatu ala ez… Zorionez, sistema konstituzional baten parte eta EBko kide gara, eta horrek epaimahai ezberdinen arteko kontrapisuak ditu”, azaldu du Mendiak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena