Espainiako monarkia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

"Sagar ustela otarretik" ateratzearekin nahikoa ez dela ohartarazi du Rufianek

ERCren Kongresuko bozeramailearen hitzetan, bere garaian Cristina infantaren senarrarekin egindakoa Juan Carlos I.arekin errepikatu nahi du Zarzuelak orain.
Gabriel Rufian ERCren Kongresuko bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE

Iñaki Urdangarinen kasuan asmatu ez zuten bezala, orain errege emerituak bizi duen egoeraren aurrean, “sagar ustela otarretik” ateratzearekin nahikoa izango ez dela ohartarazi die Gabriel Rufian ERCren Kongresuko bozeramaileak Felipe VI.ari eta Pedro Sanchezen Gobernuari. Rufianen ahotan, Juan Carlos I.ak “gutxienez” epaitegira joan beharko luke, Mekako AHTren lanekin lotutako ustezko irregulartasunen inguruan azalpenak emateko.

“Operazioa gaizki aterako zaie, guztiek gogoan dugulako; sagar ustela eta otzara bereizi nahi dituzte”, ziurtatu du Rufianek, Europa Pressek egindako elkarrizketan.

Rufianen hitzetan, bere garaian Cristina infantaren senarrarekin egindakoa Juan Carlos I.arekin errepikatu nahi du Zarzuelak orain. “Orduan gaizkilea Urdangarin zen, guztiek gogoratzen dugu”, eta “Juan Carlos eta Felipe gizajoak” biktimak ziren, gogorarazi duenez.

“Orain, bat-batean, gaizkilea Juan Carlos da, baina Felipek aitaren negozioen berri zuela argitaratu du nazioarteko prentsak”, azpimarratu du ERCko ordezkariak.

"Orain, bat-batean, gaizkilea Juan Carlos da"

ERCko bozeramailearen esanetan, monarkia “arazo endemiko bat da, eta lehenago edo beranduago heldu beharko diote”. Horregatik, errege emeritua Zarzuelatik ateratzearekin ez da nahikoa izango, nabarmendu duenez.

“Jaunak etxez aldatzea makillaje operazio bat baino ez da; epailearen aurrean agertu beharko luke, eta hemen egiten ez baldin badu beste herrialde batean egin beharko du”, iragarri du.

Azkenik, Kongresuak ikerketa abiatu beharko lukeela errepikatu du, baina oraingoz PSOEren betoak ezinezko egiten duela onartu du. “Demokraziaren lehen mailako kontua da”, adierazi du. “Mota horretako ikerketei betoa jartzea ez zaio ezkerrari doan aterako”, ohartarazi du.

Javier Maroto PPren Senatuko bozeramaileak, aldiz, Felipe VI.aren figura ordezkaezina dela uste du. Gainera, espainiarrek monarkia parlamentarioari “eskertzeko asko” diotela erantsi du. Trantsizioan eta demokraziaren 40 urteetan “funtsezko” tresna “erabakigarria” izan da, azpimarratu duenez.

Albiste gehiago politika

BILBAO, 28/07/2025.-El presidente del PNV, Aitor Esteban (i), y el lehendakari, Imanol Pradales, entre otros, han participado este lunes en Bilbao en el acto de conmemoración del 130 aniversario de la fundación del partido, junto a la estatua en homenaje a Sabino Arana. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Aitor Estebanek Ertzaintzaren izaera demokratikoa zalantzan jarri izana aurpegiratu dio EH Bilduri

Aitor Esteban EBBko presidenteak EAJren sorreraren 130. urteurrena ospatzeko ekitaldian parte hartu du. "Ertzaintza da gure erakunderik preziatuenetako bat", adierazi du ekitaldian. "Barregarria da kale borrokako asaldatzaile horiek autoritarismoaz eta iraganeko logikaz hitz egiten entzutea", erantsi du. "Nortzuk eta horiek izango dira guri demokrazia eta tolerantzia lezioak emango dizkigutenak, bai zera!", azpimarratu du.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eusko Jaurlaritzak "erabat gaitzetsi" ditu Bingen Zupiriaren eta Ertzaintzaren aurkako pintadak

Eusko Jaurlaritzak "babes osoa" adierazi die Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari eta Ertzaintzako eta udaltzaingoetako profesional guztiei, azken egunetan haien aurka izandako eraso eta pintadak direla eta. "Kezkatu egiten gaitu gertakari larrien aurrean isiltzea edo garrantzia kentzea erabakitzen duten arduradun politikoak egoteak", nabarmendu du Maria Ubarretxenak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Gainera, erantzukizunerako deia egin du, jaiak "errespetuz eta askatasunez" gozatzeko. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eusko Jaurlaritzak "balorazio gazi-gozoa" egin du EBren eta AEBren arteko muga-zergen akordioari buruz

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak EITBri adierazi dionez, akordioak alderdi positiboak nahiz negatiboak ditu. Haren ustez, "hobe da akordioa lortzea, gerra komertziala izatea baino". Halaber, automobilgintzaren gaineko muga-zergak % 25etik % 15era murriztea positiboa dela iritzi dio, bai eta, oro har, ziurgabetasun garaiari amaiera ematea ere. Alderdi negatiboen artean, Euskadi herri esportatzailea den heinean, muga-zergak egote hutsak dakarren kaltea nabarmendu du sailburua. Era berean, deitoratu egin du altzairuaren eta aluminioaren gainean % 50eko muga-zergak mantentzea.

Gehiago kargatu