14:29

Politika

Eusko Legebiltzarra

PSE-EEk bere aktak jaso ditu, eta ez du EAJrekin akordiorako formularik baztertu

Agentziak | Erredakzioa

Idoia Mendiak nabarmendu duenez, "legealdi hau oso garrantzitsua izango da", koronabirusaren pandemiagatik eta horrek "utzi dituen aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko eta sozialagatik".

1:1
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak ostegun honetan adierazi duenez, aurreko legealdiko koalizio-gobernuak "ondo funtzionatu du", eta, beraz, ez dute "inolako aukerarik" baztertzen, baina orain "premiazkoena" gobernu programa lantzea dela berretsi du, eta horretan ari dira lanean.

"Arrazoizkoa izan liteke berriro koalizio-gobernua osatzea, edo erabateko akordioa lortu ezean, legegintzaldiko akordio batekin oposizioan gera gintezke", adierazi du Mendiak. Ildo horretatik, ezin dela ezer baztertu azpimarratu du, "pausoz pauso joan behar delako".

Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpen horiek Mendiak, joan den uztailaren 12ko hauteskundeetan aukeratutako PSE-EEko 11 legebiltzarkideek euren aktak jaso ostean. Izan ere, Eusko Legebiltzarra osatzeko beharrezko tramitea da hori. Ganbera berria datorren astelehenean, abuztuak 3, osatuko da.

Mendiak nabarmendu duenez, "legealdi hau oso garrantzitsua izango da", koronabirusaren agerraldiak eragindako pandemiagatik eta horrek "utzi dituen aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko eta sozialagatik". Hori dela eta, bere iritziz, "legegintzaldi honek politika, erabaki garrantzitsuak eta Euskadiren etorkizuna izan behar ditu ardatz".

"Ezinbestekoa da bete-betean lan egiten duen Legebiltzarra eta eraginkorra den gobernua osatze", azpimarratu du Mendiak, eta gainerako erakundeekin batera lan egiteko eskatu du, "herritarrei lagunduko dieten eta, batez ere, ekonomia suspertzen lagunduko duten politikak adosteko eta guztiontzako lanpostuak bilatzeko".

EAJrekin izandako negoziazioen inguruan galdetuta, Mendiak azaldu du gobernu programa batean lanean ari direla lehenik, ikusteko ea "proposamenak partekatzen" dituzten, "bi alderdi ezberdin" direlako, "bi hauteskunde programa ezberdinekin". Gauzak horrela, bi alderdiek dituzten lehentasunak eta "gizartean eta ekonomian dauden beharrak" aztertzen ari dira orain.

Mendiak azaldu duenez, "lan handia dago egiteko. Erabaki asko hartu behar dira, eta, gainera, bidezkoa litzateke gobernu berriak Legebiltzarrarekin erabakiak adosteko aukera izatea, politikei buruzko zeharkako akordioak egiteko", Diputatuen Kongresuan egiten ari direla uste duen bezala.

Ildo horretatik, PSE-EEk duela sei urte "egonkortasunaren" aldeko apustua egin zuela azpimarratu du, eta aurreko legealdian "herritarrentzat garrantzitsuak diren sektore politiketan zentratuta" egon zela uste du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena