07:41

Politika

Koronabirusa

Ordizian eta eskualdean bozkatzeko neurriak dituztela dio Hauteskunde Batzordeak

ETB | Erredakzioa

Osasun Sailari eskatu dio herritarrei helarazteko osasunerako eta botoa emateko eskubidea bermatzeko hartutako neurriak nahikoak direla.

1:31
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasun Sailak Ordizian eta eskualdean osasunerako eta botoa emateko eskubidea bermatzeko neurriak aurreikusi dituela egiaztatu du EAEko Hauteskunde Batzordeak, Gipuzkoako udalerri horretan antzemandako koronabirus fokuaren ondoren.

EH Bilduk errekerimendu bat aurkeztu zion Hauteskunde Batzordeari, eta hartu beharreko neurriak ezartzeko eta publiko egiteko eskatu zuen, COVID-19ak Ordizian eta eskualdean duen berragerpena ikusita, osasunerako eta botoa emateko eskubidea bermatzeko datorren uztailaren 12an.

Eskaera horren aurrean, Hauteskunde Batzordeak (ostegun honetan bildu da) egiaztatu du Osasun Sailaren aldetik neurriak aurreikusi direla, eta "neurri horien jarraipena eta ebaluazioa etengabe egingo da, egoera epidemiologikoaren eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko", adierazi du.

Era berean, 2020ko uztailaren 12an egingo diren hauteskundeetan osasunerako eskubidea eta botoa emateko eskubidea bermatzeko hartutako neurriak herritarrei helarazteko eskatu dio Hauteskunde Batzordeak Osasun Sailari.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, Ordizian atzemandako COVID-19 kasuen kopuruak 58 positibo izan ditu dagoeneko.

Testuinguru horretan, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak Ordizian konfinamendua ezartzea baztertu egin du "oraingoz", eta ez du aurreikusten hauteskundeak atzeratzea Gipuzkoako udalerri horretan edo inguruko beste herrietan.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Urkulluk esan du detekzio-probetan positibo eman duten kasuen eta kontaktuen jarraipena egiten jarraitzen dutela, ez bakarrik udalerri horretan, baita pandemiaren hasieratik bertan egon ahal izan diren pertsonena ere.

Herriko biztanle guztiei probak egiten ari zaizkiela gogorarazi du, eta maskararen erabilera orokortzearen alde agertu da. Bere esanetan, "erabat" bermatuta daude igande honetan Goierri aldean segurtasunez bozkatzeko baldintzak, "Euskal Autonomia Erkidegoan bezala".

Une honetan, 1.000 lagun baino gehiago daude konfinatuta, eta kopuru horrek gora egin lezake datozen egunetan koronabirusaren proba gehiago egingo baitizkiote Ordiziako herritarrei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena