Politika
ALTSASUKO GAZTEAK
EITB.EUS
'Altsasu auzia'gatik espetxean egun gehien daramatzaten gazteak dira. Gaurtik, hirugarren gradua dute ezarrita, eta lotara bakarrik joan beharko dute Zaballara, astegunetan.
Altsasuko gazteen askatasuna eskatzeko, Iruñean, iaz, egindako manifestazioa. Argazkia: EFE.
Espetxean mila eta hirurehun egun baino gehiago igaro ondoren, hirugarren gradua eskuratu eta gaurtik aurrera gradu horrek ematen dituen onurez baliatzeko aukera izango dute Adur Ramirez da Aldak, Jokin Unamunok eta Oihan Arnanzek, 'Altsau auzia'n zigortutako zortzi gazteetatik hiruk. Astegunez lotara itzuli beharko dute espetxera, eta asteburuetan ez dute kartzelera joan beharrik izango.
Aurreikusita bezala, 09:15 inguruan atera dira espetxetik, eta atarian zain zituzten etxekoak. "Askasunetik gertuago" daudela-eta, pozik hitz egin du Antton Ramirez de Aldak, Adur Ramirez de Aldaren aitak, baina "injustiziak" hor jarraitzen duela nabarmendu du. "Hodei batean bezala gaude", esan du.
Espetxe atarian egindako adierazpenetan, Ramirez de Aldaren eta Arnanzen aitek esan dute "borrokan" jarraituko dutela, harik eta gazte guztien "erabateko askatasuna" lortu arte:
Gurasoen hitzetan, "amesgaiztoa" ez da amaitu, eta barruan geratu diren bi gazteak lehenbailehen libre ikusi arte lanean jarraituko dute. "Gaur, abestiak dioen bezala, txarrenari onena aterako diogu, eta gure semeen kaleratzea, erabatekoa ez bada ere, disfrutatu egingo dugu", gaineratu dute.
Azken urteotan "maila guztietan" jasotako elkartasuna eta babesa eskertu dituzte, horri eskerrak lortu omen dutelako euren semeei ezarritako zigor gogorra "arintzea".
Semeak nola dauden galdetuta, "ezin sinetsita" daudela adierazi dute, espetxeko hormetatik haratago "mundua" badela ikusi dutelako: "lapurtu dieten esparrua berreskuratu behar dute orain".
Ostiralero bezala, elkarretaratzea egingo dute gaur, 20:00etan, Altsasuko plazan, eta bertan berriro salatuko dute auzi honen "injustizia".
Aratz Urrizolak eta Iñaki Abadek, zigortuetako beste bik, abenduan lortu zuten hirugarren gradua. Jon Ander Cobek eta Julen Goikoetxeak bigarren graduan jarraitzen dute, eta Ainara Urkijori bi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, eta ez zuten espetxean sartu.
Epaia
Bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin, 2015eko urrian, Altsasuko Koxka tabernan izandako liskar batengatik auzipetu zituzten gazteak, eta 2018ko ekainean iritsi zen epaia. Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioak bi eta 13 urte bitarteko zigorra ezarri zien Altsasuko gazteei.
Fiskaltzak ez bezala, Auzitegiak ez zuen terrorismo zantzurik ikusi gertakarietan, baina zigor handiak ezarri zizkien, agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak leporatuta.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa