Politika
Europako Parlamentua
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Parlamentura agiria igorri dute Felipe Gonzalezek GAL taldea sortu zuen argitzeko ikerketa bat eskatuz eta Espainiako Estatuaren isiltasuna salatuz.
Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia. Artxiboko argazkia: EFE
Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentziak 80ko hamarkadan egindako txosten baten arabera, GAL talde terrorista Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak sortu zuen.
Orain arte sekretupean egon den dokumentu horren xehetasunak joan den igandean egin ziren publiko. Gaur, JxCATeko Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsati europarlamentariek gutuna igorri diote Europako Parlamentuko ordezkari guztiei, Espainiako Estatuaren isiltasuna salatuz eta auzia argitzeko ikerketa baten beharrizana azpimarratuz. ERCko, EH Bilduko eta EAJko eurodiputatuek ere babestu dute ekimena.
Espainiako Gobernuko presidente ohiari emandako ohoreak kentzea eta kasua argitzeko ikerketa independente bat abiatzea eskatu dute. "Horrelako arazo bat ezin da Estatu baten baitako arazotzat jo, auzi horrek Europar Batasunaren sinesgarritasunari eragiten baitio", idatzi dute.
"Hortaz, Europako Parlamentuko ordezkariei eta Europar Batasuneko agintariei eskatzen diegu estatu terrorismoaren kapitulu ilun haiek gaitzesteko exijitu diezaietela Espainiako Gobernuari eta alderdi politikoetako buruzagiei", erantsi dute.
Espainiako agintariak gai honen aurrean izaten ari diren jarrerak "Espainiako demokraziaren kalitatea zalantzan" jartzen duela kritikatu dute. Gauzak horrela, GALi buruzko ikerketa ofiziala, inpartziala eta zorrotza galdegin dute, eta hori egiteko sekretu ofizialen legea baliogabetzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa