Politika
Diputatuen Kongresua
Agentziak | Erredakzioa
Mertxe Aizpurua koalizioak Kongresuan duen bozeramaileak ekimena babesteko eskatu die PSOEri eta Unidas Podemosi, Nafarroan egin bezala. EAJk Konstituzioa aldatzearen alde egin du.
Albisteak (3)
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak iragarri duenez, bere talde parlamentarioak Madrilgo Behe Ganberan paratuta dauden Juan Carlos I.a errege emerituaren erretratu eta estatua guztiak kentzeko eskatuko du, Nafarroako Parlamentuan egin zen bezala. EAJko Aitor Estebanek, bere aldetik, Konstituzioa aldatzearen alde egin du, erregearen bortxaezintasuna jarduera publikora mugatzeko.
Bozeramaileen Batzordearen aurreko prentsaurrekoan, Nafarroako ekimenak PSOEren eta Unidas Podemosen babesa eduki zuela azpimarratu du Aizpuruak, eta ez zuela ulertuko, beraz, Espainiako Gobernuko bazkideak Kongresuan “ezkutatzea”.
"Ez genuke ulertuko orain, Goreneko Fiskaltzaren ikerketaren ondoren errege emerituaren irregulartasunak inoiz baino argiagoak direnean, ezkutatzea", adierazi du.
Horren ildotik, EH Bilduk Meritxell Batet presidenteari eta Ganberako Mahaiari koadroak eta estatuak kentzeko eskatuko die.
Juan Carlos ikertzeko batzordeari jarritako betoaren inguruan, diputatuak "zentzugabekeria juridikotzat" jo du diputatuek "bizi arteko" bortxaezintasuna ematea errege emerituari.
Bestalde, EH Bilduk Felipe Gonzalez presidente ohiaren agerraldia eskatu zuen atzo Kongresuan, CIAk GALen sorreran parte hartu zuela esan eta gero. “Faltan sumatzen dugu gainerako alderdiek ahotsa altxatzea gai honetan”, adierazi du Aizpuruak.
EAJk Konstituzioa aldatzearen alde egin du, erregearen bortxaezintasuna jarduera publikora mugatzeko
Bere aldetik, Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak Konstituzioa aldatzearen alde egin du, Estatuko buruaren "bortxaezintasuna" jarduera publikora mugatzea helburu; horrela, kontuak eska liezazkiokete jarduera pribatuengatik.
Ganberako abokatuek argudiatu dute Juan Carlos I-aren bortxaezintasunak abdikatu eta gero ere duela eragina; Estebanen iritziz, hori "kontraesan nabarmena da", Auzitegi Goreneko Fiskaltzak erregea ikertzeko emandako argudioa aztertuta. EAJren bozeramaileak uste du Kongresua "mezu oso arriskutsua" bidaltzen ari dela, abokatuen argudioa barneratuta; izan ere, aurkezten du Estatuko burua pertsona "ukiezina" izango balitz bezala. Estebanek esan du hori ez dela "onargarria", herrialde demokratiko batean.
EAJko bozeramaileak gehitu duenez, irizpide horri jarraituta, Estatuko buruak ez luke konturik eman beharko lapurretarik edo hilketarik egingo balu. Beraz, ondorioztatu duenez, komenigarria litzateke Konstituzioa aldatzea.
EH Bilduren proposamenaren gainean, hau da, Kongresuan Juan Carlos I.aren erretratuak kentzeko proposamenaz, Estebanek gogora ekarri du jada ez dela Estatuko burua; hortaz, ez da "beharrezkoa" Ganberak bere irudia erakusten jarraitzea.
Hori bai, iragarri du EH Bilduren proposamenak ez duela arrakastarik izango, ikusirik EAJk ere ez zuela izan, hainbat urtez, eskatu zuenean frankismoko Gorteen presidenteen erretratuak kentzeko: "Ez ziguten kasurik egin, eta nik uste dut orain gauza bera gertatuko dela", esan du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa