15:02

Politika

KORONABIRUSA

Kantabria eta EAE arteko mugak itxita jarraituko du astelehenetik aurrera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak muga oraingoz ez irekitzea erabaki du, Basurtuko eta Txagorritxuko ospitaleetan izan diren berragertzeak direla eta.

1:20
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pablo Zuloaga Kantabriako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak gobernu kontseiluaren ondoren iragarri duenez, ez dute Euskal Autonomia Erkidegoarekiko errepide bidezko joan-etorria ekainaren 15era aurreratuko.

Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak azaldu duenez, lurralde horretako Osasun Departamentuaren txosten batean oinarritu dute erabakia, Basurtuko eta Txagorritxuko ospitaleetan izandako berragerpenen aurrean errepideak ez irekitzea gomendatzen baitu. Revillak, gainera, Urkulluri erabakiaren berri eman diola gaineratu du. 

Eusko Jaurlaritzak Kantabriarekiko lotura ekainaren 15era aurreratzeko asmoa zuela iragarri zuen Josu Erkoreka berorren bozeramaileak, baina Kantabriako Gobernuak esan du hori ez dela gertatuko gutxienez ekainaren 22ra arte.

Atzo bertan, Maria Chivite Nafarroako presidenteak ere Iñigo Urkullu EAEko bere kideari esan zion Nafarroak 3 fasea bukatu arte, ekainaren 22ra arte, itxarongo duela alarma egoera altxatzeko. Gaur, ostegunarekin, gainera, Nafarroko Parlamantuko talde guztiek Navarra Sumak izan ezik babestu dute erabaki hori.

Tapiak uste du azkarregi izango litzatekeela

Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako eta Azpiegituretarako sailburuak uste du “azkarregi” izango litzatekeela beste erkidego batzuekiko mugikortasunean aurrera egiteko 3 faseko lehenengo asteko datuak eduki gabe. Horregatik, “zuhur” jokatzeko deia egin du.

Sailburuak azaldu duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak harremanak izan ditu egunotan Revillarekin eta Maria Chiviterekin.

“Guztiok ari gara gutxienez astebeteko ebaluzioa aztertzen, eta uste dut azkarregi izango litzatekeela aurrera egitea, aste honetako datuak eduki gabe. Zuhurtziaz jokatu nahi dugu denok”, adierazi du.

Nafarroa, zuhur

“Zuhurtzia”ren irizpidea ezarri omen du Nafarroako Gobernuak auzo erkidegoekiko mugikortasuna berehala ez irekitzeko, eta “ez besteei begira, baizik eta gure buruari begira”, azaldu du Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak.

Parlamentuan egin duten osoko bilkuran alderdiei erantzunez azaldu duenez, “zuhurtzia eta osasun aholkuak” dira eta izango dira deseskalatzean akordio berriak egiteko irizpideak, Foru erkidegora egokituak beti ere.

Esan du “errespetatzen” duela beste erkidego batzuen jokabidea, EAErena tartean, erkidegoen arteko mugikortasunaren alde daudenena, baina ohartarazi du “bakoitzak bere testuingurua, datuak eta irizpideak” dituela.

Dena dela, aitortu du kasu batzuetan mugikortasun hori ematen ari dela, lan kontuengatik eta arrazoi sozioekonomikoengatik batik bat, baina gainerako kasuetarako alarma egoera altxatu beharra dagoela, eta ez zutela hori egoki jotzen.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena