Politika
Deseskalatzea
Agentzia | Erredakzioa
“Gure erkidegoak kontuan hartu beharreko berezitasun propioak ditu, eta nor Nafarroa baino hobe normaltasun berrira heltzeko neurriak onartzeko”, adierazi du.
Maria Chivite Nafarroako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Maria Chivite Nafarroako presidentea Pedro Sanchez eta gainerako erkidegoetako presidenteekin bildu da bideokonferentzian. Foru Erkidegoak 3 fasea kudeatu ahal izatea aintzat hartu du Chivitek bileran.
‘Normaltasun berria” zer-nolako baldintzetan garatuko den ezagutzea garrantzitsua dela uste du Chivitek. Zentzu horretan, testuinguru horretan araudirik onartuko ote den jakin nahi du agintariak.
Pandemiaren bilakaeragatik zoriondu da presidentea, baina herritar bakoitzari erantzukizuna eskatu dio berriro, “alarma egoeran zehar egindako esfortzua eta konfinamenduko faseek izandako emaitzak alferrikakoak ez izateko”.
3 fasean Nafarroak bere deseskalatzea kudeatu ahal izatea ongi hartu du buruzagiak, “gure erkidegoak, gainerakoek bezalaxe, kontuan hartu behar diren berezitasun propioak dituelako, eta nor Nafarroa baino hobe normaltasun berrira heltzeko neurriak onartzeko”.
Chiviteren ahotan, “zer-nolako baldintzetan garatuko den ezagutzea garrantzitsua da, beharrezko neurriak premiaz hartzeko, zuhurtziarekin, jarduera ekonomiko eta soziala ahalik eta baldintzarik onenetan berreskuratzeko”.
Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketa Nafarroak bereganatuko duelako pozik agertu da presidentea. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren esanetan, “Nafarroa eredu da Estatu mailan”.
Europar Batasunak ekainaren amaieran onartuko duen funtsa banatzeko eta kudeatzeko orduan, erkidegoek erabakietan parte hartu ahal izatea oso positiboa dela uste du Maria Chivitek. Espainiak 140.000 milioi euro jasoko ditu, horietatik 77.000 transferentzietan eta 63.000 kredituetan.
“Prozesuaren egutegi bat behar dugu, baliabideak lehenbailehen jasotzea funtsezkoa delako, jarduera ekonomikoa berriz suspertzeko neurriak indartzeko, Nafarroa Suspertu 2020-2023 egitasmoaren barruan”, adierazi du.
Era berean, aldi baterako lan-erregulazioak luzatzeko beharra azpimarratu du Chivitek, enpresek COVID-19 krisi aurreko ekoizpen mailara itzuli arte. Bestalde, atzerriko langileei zein enpresaburuei Nafarroan sartzeko eta ateratzeko baldintzak malgutzea eskatu du, baita profesional nafarrei beste herrialde batzuetara joan ahal izateko ere.
Azkenik, muga arteko mugikortasuna berreskuratzeko, Sanchez Frantziarekin elkarrizketan hastea aintzat hartu du Chivitek, batez ere merkataritza berreskuratzeko. Azken bileretan Foru Erkidegoaren eskaeretako bat izan da hori. Berreraikuntzarako funtsean erkidegoek egin beharreko ekarpena ezagutzea eskatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa