21:13

Politika

Sabotajeak

Ezker abertzaleko disidenteek 38 sabotaje egin dituzte jada alderdietako egoitzetan

Agentziak | Erredakzioa

Sabotajeak Patxi Ruiz ETAko presoaren aldeko kanpaina baten testuinguruan daude. Ruiz gose-greban dago, maiatzaren 11tik.

  • EAJk Lakuan, Gasteizen, duen egoitza, sabotaje baten ostean

    EAJk Lakuan, Gasteizen, duen egoitza, sabotaje baten ostean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ezker abertzaleko sektore ofizialarekin ados ez dauden hainbat disidentek, gose-greban dagoen Patxi Ruiz ETAko presoaren alde duela aste batzuk hasi zuten kanpainaren testuinguruan, 38 sabotaje egin dituzte dagoeneko, Euskadiko alderdi politiketako zenbait egoitzatan.

Sabotaje horiek EAJko zenbait batzokitan, PSE-EEko herriko etxe batzuetan, eta Podemoseko hainbat egoitzatan egin dituzte; pintaketak egin dituzte, eta horietan "hiltzaileak" hitza agertu izan da, baita amnistia osoaren aldeko mezuak ere. Horrez gain, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren etxean ere egin dute sabotaje bat, Azpeitian autobus batek sabotajea izan du, eta Ean kutxazain bati eraso zioten. Banku batzuetako fatxadetan, eta hainbat udal-instalaziotan eta hiri-altzaritan ere egin dituzte pintaketak.

EAJ eta PSE-EE izan dira sabotajeen jomuga nagusiak. Hainbat aldiz galdegin izan diote EH Bilduri ekintza horiek gogor gaitzesteko. Pintaketetan, 'hiltzaileak' eta 'kartzelariak' deitu izan diete, eta euren siglak ituetan idatzi izan dituzte.

Hainbat erakunde saiatu dira, lortu gabe, erakunde-adierazpenak onartzea, sabotajeak salatzeko, tartean Eusko Legebiltzarra. Adierazpen horiek alderdien ahobatezko onarpena behar dute.

Lehen ere izan dira pintaketak noizbait, baina kanpaina, bereziki, maiatzaren 11tik aurrera gogortu egin dute; egun horretan, Patxi Ruiz presoak gose- eta egarri-greba bat hasi zuen, COVID-19aren pandemiak espetxeetan izan duen kudeaketagatik protestatzeko, eta hurbiltzea eta kartzelatik ateratzea eskatzeko.

23 sabotaje, EAJren egoitzetan

Sabotajeak ia egunero egin dituzte. Astearte honetara arte, guztira, 38 gauzatu dituzte. Gehienak batzokietan izan dira: hain zuzen, 23 sabotaje izan dira EAJko egoitzetan (18 Bizkaian, lau Gipuzkoan, eta bat Araban).

11 herriko etxetan ere egin dituzte sabotajeak (Bizkaiko zortzitan, eta Gipuzkoako hirutan). Nolanahi ere, PSE-EEren aurkako ekintzarik larriena Idoia Mendia eta Alfonso Gil senarraren etxean hilaren 19an eginikoa izan zen (Gil ere bada PSE-EEko kidea, Bilbon zinegotzi dabil eta alkateordea da).

Azken egun hauetan, Podemos Euskadiko hiru egoitzatan ere izan dira sabotajeak, Gasteizen, Portugaleten eta Durangon, eta ezker abertzaleko batean ere, Bilboko Alde Zaharrean.

Azken hori hilaren 21ean jazo zen, Zazpi Kaleko herriko tabernan; bertan, erradikal batzuek idatzi zuten: "Sortu errudun". Aurreko egunean, Sortuk, Mendiaren etxeko sabotajearen egileei, eskatu zien "arduratsu jokatzeko", eta EH Bilduk adierazi zuen "marra bat zeharkatuta zegoela". EH Bilduk arbuiatu zuen gertaturikoa, baina ez zuen salatu.

Gerora, ohar batean, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak erantzun zion ezker abertzale ofizialari; hain zuzen ere, gose-greban dagoen presoaren aldeko "herri-borroka" deitu zuen.

Beste sabotaje batzuk

Maiatzaren 22an, Patxi Ruiz ospitalera eraman zuten; gerora berak eskatuta, bertatik irten zen. Egun horretan, Azpeitian, hainbat txanodunek sabotajea egin zuten autobus batean. "Amnistia" eta "Patxi, zure borroka eredua" idatzi zuten.

Aurretik, maiatzaren 14an, txanodun batzuek kutxazain bat erre zuten Ean, eta zazpi herritar etxetik atera behar izan zituzten. Beste banku-bulego batzuetan ere egin dituzte pintaketak, azken 15 egunotan, eta zenbait udalerritako udal-instalaziotan eta hiri-altzaritan ere pintaketak izan dira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena