15:41

Politika

Presoak

Sortuk "arduraz jokatzeko" eskatu dio Patxi Ruizen inguru politikoari

Agentziak | Erredakzioa

Alderdiak “ezker abertzalearen baliabide guztiak” eskaini ditu Ruiz gose eta egarri greban den presoari laguntzeko.  

  • Argazkia: PSE-EE

    Argazkia: PSE-EE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Sortu alderdiak Patxi Ruiz ETAko presoaren inguru politikoari eskatu dio egoeraren “irakurketa zintzoa egiteko eta “arduraz jokatzeko”, eta “ezker abertzalearen baliabide guztiak” eskaini ditu gose eta egarri greban den presoaren egoera bideratze aldera.

Ohar batean, Sortuk adierazi du Ruiz pairatzen ari den egoera “euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespeneko politika jarraituak” eragin duela eta horren helburua “presoa pertsona gisa birrintzea eta konbikzio politikoetan amore ematea” dela.

Alderdiaren ustez, euskal presoen egoera “ankerra da”, eta eraginak ditu bai maila fisikoan bai maila psikologikoan.

Ruizen egoerari “arrazoizko konponbide bat” emateko deia egin du, “beranduegi izan baino lehen” eta “salbuespeneko espetxe politika” indargabetu beharra gaineratu du. Gainera, azpimarratu du konponbidearen ardura ezin dela Ruizen bizkar utzi. “Auzi hau eta, oro har, euskal preso politikoen afera konpontzeko eta presoak etxeratzeko egiteko nagusia kalean dago. Gu guztion ardura da”, erantsi du Sortuk.

Alderdiak gehitu du ez duela babesten eta ez duela babestuko “Patxiren bizitza eta bere egoera bideratzea lehenesten ez duten inolako ekimenik, are eta gutxiago halakoek irteerarik gabeko egoera batera bultza dezaketenean presoa”.

Horren ildotik, Ruizen inguru politikoari eskatu dio “egoeraren irakurketa zintzoa egiteko eta arduraz jokatzeko”, eta “ezker abertzalearen baliabide guztiak” eskaini ditu “Patxi lagundu eta bere egoera bideratzen ahalegintzeko”.

Edonola ere, Patxi Ruizen egoeraren ardura Espainiako Gobernuarena dela adierazi du Sortuk, “berari dagokio  presoaren bizitza bermatzea”. Hori dela eta, dei egin dio “bere esku dauden neurri guztiak har ditzan horretarako, gehiago itxaron gabe, Patxi egoera kritikoan sartu baino lehen”.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena