Politika
Legebiltzarra
Urkulluk uztailaren 12rako deitu ditu hauteskundeak
eitb.eus
Lehendakariak esan du larrialdi-egoera gainditu dela, eta datozen asteetan koronabirusa gehiago zabalduko balitz, hauteskundeak irailean edo urrian deitzeko aukera egongo litzatekeela azpimarratu du.
Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak datorren uztailaren 12an izango direla.
Eguerdian ezohiko gobernu-bilera burutu ostean, Urkulluk agerraldia egin du 15:00etan bere erabakiaren berri emateko.
Hauteskundeetarako deialdia astearte honetan publikatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean, uztailaren 12rako 54 egun faltako direnean, hain justu ere.
Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5ean egin behar ziren, baina deialdia bertan behera utzi zuten koronabirusaren pandemia dela eta.
Lehendakariak esan du larrialdi-egoera gainditu dela-eta hauteskundeak segurtasunez egiteko bermeak daudela. Hortaz, hauteskundeak uztailean egitea aukerarik onena dela esan du.
Edonola ere, datozen asteetan koronabirusa berriro zabalduko balitz eta berriro suspenditu beharko balira, hauteskundeak irailean edo urrian egiteko aukera egongo litzatekeela nabarmendu du.
Koronabirusaren izurritearen ondorioz hildako pertsona guztiak oroituz eta haien senide eta lagunei bere doluminak eta babesa adieraziz hasi du agerraldia Urkulluk.
Larrialdi-egoera amaituta
Lehendakariak esan du hiru arrazoitan oinarrituta hartu duela hauteskundeak uztailaren 12an deitzeko erabakia: osasunari, legalitateari eta parte-hartzeari lotutako arrazoiak, hain zuzen ere.
Osasunari dagokionez, lehendakariak esan du agerikoa dela egoerak hobera egin duela martxoaren 13an larrialdi-egoera ezarri zenetik.
Osasun publikoaren azken datuen arabera, azken asteetan COVID-19arekin gaixotutako eta hildako pertsonen kopuruek beheraka egin dute, eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzak larrialdi-egoera amaitutzat eman du.
"Kontrolerako eta zainketarako fasera pasatu gara. Joera aldatu egin da eta ez dago osasun-sistema kolapsatzeko arriskurik. Hori kontuan hartuta eta udazkenerako aurreikuspena okerra denez, hauteskundeak uztailean egitea da onena", erantsi du.
Arrazoi juridikoak
Horrez gain, arrazoi juridikoak ere aipatu ditu Urkulluk bere erabakia justifikatzerakoan.
"Hauteskundeak egin behar ditugu. Legealdia amaituta eta Legebiltzarra deseginda dago. Ez dugu jarduera parlamentariorik eta hauteskundeak urriaren 25a baino lehen egin behar ditugu. Legea bete behar dugu eta bozkatzeko oinarrizko eskubide demokratikoa bermatu", azaldu du.
Ildo horretan, nabarmendu du alderdi politikoen arteko bileran denak bat etorri zirela hauteskundeak egitea garrantzitsua dela.
Halaber, udazkenean egoera udan baino txarragoa izan daitekeenez, hauteskundeak orain egitea erabaki du. Lehendakariak ziurtatu du herritarren osasuna eta segurtasuna bermatuta egongo direla hauteskundeetan.
Parte-hartzea
Hirugarren gakoa herritarren parte-hartzeari lotuta dago. Lehendakariak esan du parte-hartzea bermatzeko bitartekoak badituela eta gogora ekarri du Espainiako Gobernuak alarma-egoera mantendu arren posible dela hauteskundeak egitea.
Gainera, "Pedro Sanchezen Gobernua hauteskundeak behar bezala egiteko laguntzeko prest agertu da", adierazi du.
Bestalde, Segurtasun Sailak hauteskundeetarako segurtasun-plan bat landu duela, eta, besteak beste, posta bidez bozkatzeko aukera egongo dela ziurtatu du.
Amaitzeko, Urkulluk esan du, osasun-krisiari aurre egiteaz gain, datozen hilabeteetan hainbat neurri sozioekonomiko hartu beharko direla jarduera ekonomikoa suspertzeko eta enplegua berreskuratzeko. Eta, horretarako, Legebiltzarra eta Gobernu berria osatuta egotea ezinbestekoa dela azpimarratu du.
"Parlamentuak eta erakundeek eskaintzen dizkiguten tresnak ahalik eta azkarren behar ditugu. Egoerak eskatzen dituen erreformak egiteko eta lehentasunei erantzuteko aurrekontu bat behar dugu", erantsi du.