Politika
KORONABIRUSA
EAEko hauteskundeak alarma egoeran egin ahal izatea baimendu du Espainiako Gobernuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatuko Buletin Ofizialak larunbat honetan argitaratu duen testuak, gainera, "kogobernantza" nola kudeatuko den zehaztu du, baita Trebiñu bezalako inguruetan nola jokatu ere.
-
Pertsona bat botoa ematen, EAEn ospatutako azken hauteskundeetan. Argazkia: EFE
Espainiako Estatuko Buletin Ofiziala argitaratu da larunbat honetan, eta argi irakur daitezke nola formulatuta geratu diren, besteak bestea, EAJk alarma egoeraren luzapenari baiezkoa emateko jarritako hiru baldintzak.
Alarma egoera maiatzaren 24ko 00:00ak arte luzatzea onartu zen asteazkenean. Gaurko EBOak dio Gobernuak "behar diren neurriak" hartuko dituela "Erkidego Autonomikoetako Legebiltzarrek deitzen dituzten hauteskundeak egin ahal izateko, Correos zerbitzu publikoa (posta bidezko botoa bermatzeko ezinbestekoa), zerbitzu fede-emaileak eta Estatuak jarri behar dituen zerbitzu guztiak abian jarriz".
EAE eta Galiziari eragin diezaioke erabaki horrek. Koronabirusaren pandemia zela eta, bertan behera geratu ziren hauteskunde autonomikoak eta azken egunotan Iñigo Urkulluk hauteskundeak uztailean ospatu nahi dituela adierazi du, oposizioaren harridura eta haserrea eraginez.
Atzo, hain zuzen ere, Urkulluk Legebiltzarreko Diputazioa Iraunkorrean hitz egin zuen Jaurlaritzak koronabirusaren pandemiaren aurrean hartutakoa azken erabakiak azaltzeko, eta lehendakariak ziurtatu zuen Euskadin "prebentziorako baliabide nahikoak" badaudela hauteskundeak uztailean egiteko.
Oposizioak "hauteskundeengatik osasun krisiagatik baino kezkatuago" egotea leporatu zion Urkulluri eta pandemia "hauteskunde gakoan" kudeatzen ari dela gaitzetsi zioten.
"Kogobernantza"ren inguruan
Ministroen Kontseiluak onartutako azken testuak honakoa dio: "Gobernuak Erkidego Autonomo bakoitzarekin adostu ahal izango ditu pertsonen zirkulazio askerako mugen, kontentzio neurrien eta horniduren, garraioen, zerbitzuen eta ondasunen inguruko neurrien aldaketak, areagotzeak edo murrizketak, pandemiak Erkidego Autonomo bakoitzean duen garapenera hobeto moldatze aldera". "Akordioa izanez gero, Erkidego horren presidentzia duenak aplikatuko ditu neurri horiek, lurraldea horretan Estatuaren ohiko ordezkari gisa".
Hala, adostasunik ez dagoen kasuetan, Gobernuak jarraituko du azken hitza izaten, bera baita autoritate nagusia alarma egoeran.
Trebiñu 1 fasera
COVID-19ak sortutako alarma egoeraren luzapen testuak dio, bestalde, "enklabeak diren herriek, inguruan duten lurraldearen tratamendua" jasoko dutela, nahiz eta "beste Autonomia Erkidego baten zati izan". Hori da, hain zuzen ere, Trebiñuren kasua. Burgos da legez, baina Araba barruan dago. Beraz, astelehenean 1 fasera igaroko da, Burgos 0 fasean geratzen den bitartean.