Politika
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
EAJk eta PSEk testua kritikatu dute "Gobernuko kontseilua ordezkatzea" proposatzen zuelako, "erabakiak Jaurlaritzak hartu behar dituenean".
Eusko Legebiltzarra, ostiral honetako Diputazio Iraunkorrean. Argazkia: Efe.
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du, EAJren eta PSEren botoekin, EH Bulduk lehendakariari proposatutako ekimena: krisia kudeatzeko mahai bat martxan jartzea, euskal eragile politiko, sozial eta ekonomiko nagusiekin, COVID-19aren pandemiaren ondorioei “lehenbailehen” modu “partekatu eta adostuan” aurre egiteko.
EH Bilduk Diputazio Iraunkorrean aurkeztu du koronabirusaren krisia kudeatzeko mahaia sortzeko legez besteko proposamena. Hala ere, proposamen horrek ez du aurrera egin Elkarrekin Podemosen babesa jaso arren, EAJk eta PSEk kontrako botoa eman dutelako eta PP abstenitu egin delako.
Debatean, Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak pandemiaren kudeaketa “kolektiboaren” alde egin du, eta “kooperaziorako espazioak” falta direla esan du. “Osasun anomalia” bizitzeaz gain, “anomalia demokratikoa” pairatzen ari garela salatu du, azken hori EAJren eta Urkullu lehendakariaren erabakiaren ondorioz: “Berak zer, nola eta noiz egin behar den erabakitzen du, eta gainontzekook 'bai, bwana' esan behar dugu”, adierazi du.
Joseba Egibar EAJ legebiltzarkideak, berriz, Jaurlaritzaren kudeaketa defendatu du eta egoera honetan “eraginkorra” izatea oso garrantzitsua dela azpimarratu du. Gainera, Jaurlaritzaren azpitik inori “eskumenik ez zaiola ukatu” azaldu du. “Bakoitzari berea onartu behar zaio. Jaurlaritza zuzen aritu da”, esan du.
Elkarrekin Podemos, PSE eta PP
Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko parlamentariak EH Bilduren proposamenaren alde egin du, partekatutako espazioen alde dagoelako, “Espainia mailan ere, foroak zein mahaiak izan”. Bere ustez, gauza ez da “erabaki politikoak hartzea, gizartean eragin zuzena eta bortitza duen pandemia ezezagunari eta indartsuari erantzuna ematea baizik”. “Horrelako espazioak beharrezkoak dira”, berretsi du.
Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak, aldiz, “elkarlanean aritzea ez dela Jaurlaritza ordezkatzea” erantzun dion EH Bilduri, eta ezker abertzalearen proposamenari uko egin dio mahaia ez delako egungo arazoei aurre egiteko modurik “eraginkorrena”. “Guztiak ari dira hemen hauteskundeen araberako kalkuluak egiten”, esan die oposizioko alderdiei.
Carmelo Barrio PPko ordezkariak, berriz, gogora ekarri du EH Bilduren proposamenari zuzenketa aurkeztu diola baina Diputazio Iraunkorraren mahaiak ez duela onartu. Zentzu horretan, ganbararen “jarrera” kritikatu du “EAJren aginte bakarrak PPk legebiltzarrean dituen eskubideak zapaltzen dituela” argudiatuta, “araudia gainera botaz”.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa