13:14

Politika

Hauteskundeak

Krisia hauteskundeak buruan dituela kudeatzea leporatu dio oposizioak Urkulluri

Agentziak | Erredakzioa

Diputazio Iraunkorrean egindako agerraldian, Euskadik hauteskundeak egiteko beharrezkoak diren “prebentziozko baliabide nahikoak” dituela azpimarratu du lehendakariak.

  • Maddalen Iriarte, EH Bilduko bozeramailea

    Maddalen Iriarte, EH Bilduko bozeramailea. ETBko bideo atetik ateratako irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP Legebiltzarreko oposizioko alderdiek COVID-19ak eragindako osasun krisia uztailerako deitu nahi dituen hauteskundeetan pentsatzen kudeatzea leporatu diote Iñigo Urkullu lehendakariari.

Urkulluk Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean hitz egin du, Jaurlaritzak deseskalatzean aurrera egiteko martxan jarritako neurrien berri emateko. Testuinguru horretan, apirilaren 5rako deituta zeuden eta koronabirusaren ondorioz atzeratutako hauteskundeen gaia atera da.

Lehendakariak atera du hauteskundeen gaia, baina oraingoan ez du uztaila aipatu, orain dela aste batzuk egin bezala. Urkulluk azpimarratu egin du Euskadik “prebentziorako baliabide nahikoak” dituela hauteskundeak egiteko.

EH Bildu

Maddalen Iriarte EH Bildu oposizioko alderdi nagusiaren bozeramaileak Urkulluri eta EAJri “hauteskundeei begira egotea” leporatu die.

“Krisia nola kudeatzen ari diren ikusita, alderdiekin ezer adostu gabe, hauteskundeak deitzea oposizioko alderdiei kalte egiten die gehien bat”, esan du, EH Bildu hauteskundeak egitearen alde dagoela argitu ostean.

Elkarrekin Podemos

Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak gauza bera leporatu dio lehendakariari, hau da, hauteskundeengatik kezka handiagoa izatea osasun krisiari aurre egiteagatik baino. Horren harian, Hernandezek gogora ekarri du hauteskundeen gaia mahai gainean jarri duela Urkulluk Pedro Sanchezekin alarma egoeraren luzapena negoziatu duenean. Zentzu horretan, Elkarrekin Podemosen lehentasuna hauteskundeak osasunarekin eta zientziarekin lotutako irizpideei jarraituta deitzea dela esan du.

Halaber, gogora ekarri du adinekoen egoitzetan kutsatzeak geldiarazteko garaian Jaurlaritza berandu aritu zela, eta zerbitzuak kanpoko enpresen eskutan uzten ez duen osasun zerbitzua behar dela esan du. Horrekin batera, langileen behin-behinekotasunarekin amaitzea eskatu eta patronalari ematen zaion babesa salatu du.

PP

Carmelo Barrio PPko bozeramaileak, berriz, Urkullu “hautagai aktibo” bezala ari den “euskal politikari bakarra” dela esan du, gainontzeko alderdiek horretarako aukerarik ez dutela salatuz.

COVID-19aren krisian Jaurlaritzak “akats larriak” egin dituela adierazi du, eta adibide batzuk eman ditu: Lanbidek laguntzak kudeatzeko izan dituen arazoak, autokritika eza eta Pedro Sanchezen gobernuarekin izandako tirabirak. Halaber, Madrilekin egindako akordioak azaltzeko eskatu dio lehendakariari.

PSE

EAJ eta PSE Jaurlaritzari babesa ematen dioten alderdiei dagokienez, Idoia Mendia euskal sozialisten idazkari nagusiak azpimarratu egin du hauteskundeak osasun eta parte-hartze berme guztiekin egin behar direla. Hala ere, argi utzi du lehendakariak Espainiako Gobernuaren “elkarlana” izango duela. Polemikarik ez dela egongo esan du, Euskadira normaltasuna lehenbailehen iristeko.

Mendiak zuhurtzia eta elkarrizketa eskatu dio Urkulluri, baita hezkuntza munduarekin ere, eta Gasteizko eta Madrileko gobernuek krisiaren kudeaketa partekatzeko izan duten hurbiltasuna ospatu du. Mendiaren ustez, alarma egoerak guztien interesari lehentasuna ematen dio, eta ez du boterea zentralizatzeko asmorik

EAJ

Joseba Egibarrek, berriz, Eusko Legebiltzar indartsua behar dela esan du, pandemiak sortutako erronkei aurre egin ahal izateko.

Egibarrek euskal gizarteak emandako erantzuna aintzat hartu du, krisiaren aurrean agertutako diziplina, eta ohiko jarduera berreskuratzeko, ahaleginekin jarraitzea eta plan eraginkorrak martxan jartzea beharrezkoa dela adierazi du.  

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena