17:46

Politika

EAE-ko HAUTESKUNDEAK

COVID-19aren krisi betean hauteskundeak deitzea ez du egoki ikusten oposizioak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Alderdien mahaia deitzea txalotu egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta bazela horretarako garaia esan diote lehendakariari.

  • Eusko Legebiltzarra.

    Eusko Legebiltzarra, gaur. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Abuztua baino lehen egin nahiko lituzke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Iñigo Urkullu lehendakariak, eta hala jakinarazi dio gaur Diputazio Iraunkorrari, COVID-19aren krisiaren inguruko kudeaketaren azalpenak emateko egin duen agerraldian. Harriduraz hartu dute iragarpena oposizioko alderdiek, eta krisi betean hauteskunde eguna ezartzearen inguruan zalantzak agertu dituzte.

Halaber, apirilaren 30erako alderdien mahaia deituko duela ere iragarri du lehendakariak, koronabirusarengatik ezarritako larrialdi egoera eta hauteskunde deialdia aztertzeko. Alderdi Popularrak ez, gainerako alderdi guztiek txalotu egin dute alderdien bilera deitu izana, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bazela horretarako garaia esan diote Urkulluri.

EH Bildu

Maddalen Iriarte EH Bilduko eledunak begionez ikusi du lehendakariak , "behingoz", alderdien mahaia deitzea, baina beste hainbat eragilek ere mahai horretan egon beharko luketela esan dio Urkulluri.  Eragile sozialen  eta ekonomikoen, eta  adituen ekarpena ezinbestekoa da, ezker abertzaleko koalizioaren iritzian,  bizi dugun krisi egoeran erabakiak hartzeko.

Hauteskundeak uztailean egiteko aukeraren aurrean, "harridura" agertu du Iriartek, besteak beste, garai egokiena denik ez duelako uste. EH Bilduko bozeramailearen  ustez, "politikoki normala ez den egoera batean" gauden arren, ez da hauteskundeak deitzeko une aproposa, "osasun egoerak lagunduko duen ere ez  baitakigu". Gainera, herritarrak une honetan hauteskundeei buruz hitz egiteko prest ez daudela uste du.

Konfinamendua malgutzeko EAErako plana denen artean adostua izatea eskatu dio lehendakariari  Iriartek, eta gogor kritikatu du alarma egoera ezartzearekin batera Espainiako Gobernuak erakutsi duen "jarduera zentralizatzailea".  Horren aurrean, erabakiak "euskal herritarrak aintzat hartuta" eta "hemendik" har ditzala esan dio Urkulluri, horretarako "tresnak" baditugula azpimarratuz.

Elkarrekin Podemos

Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko ordezkariaren iritzian, Eusko Jaurlaritza eta EAJ hauteskunde kanpainan pentsatzen ari dira, eta orain ez da horretarako unea. Koronabirusaren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko neurriak eztabaidatzeko eta adosteko alderdien mahai bat eratzeko eskatu dio lehendakariari.

Halaber, Diputazio Iraunkorrak Gobernuaren kontrolerako lana egin behar duela eta horretarako akordio politiko batera heltzea ezinbestekoa dela erantsi du.

Hauteskundeetarako hilabetea talde parlamentarioekin hitz egin gabe proposatu izana aurpegiratu dio Urkulluri, eta data bat orain iragartzea “arriskutsua” izan daitekeela ohartarazi dio, koronabirusaren bilakaera zein izango den ziurtatuta ez dagoelako.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak alderdi politikoak eta gizarte eragileak baztertu eta mespretxatu egin dituela  salatu du. Confebasken eta botere ekonomikoaren alboan jarrita, erabakiak konpartitzeari uko egin diola gaineratu du.

PP

Carmelo Barriok lehendakariari eskatu dio argitu dezala ea zein batzorde zientifikok gomendatu dion hauteskundeak abuztua baino lehen egitea, eta erantsi du apirilaren 30ean "Urkullu lehendakarigaiaren kanpaina" hasiko dela

Horrez gain, hainbat kontu leporatu dizkio: test nahikoa egin ez izana, osasun arloko langileentzako babes neurri guztiak ez bermatzea edota maskaran banatzerakoan izan diren akatsak.

Langile autonomoei zuzendutako laguntzak kudeatzerakoan Lanbiden sortu diren arazoak ere ekarri ditu gogora, eta ekonomia eta enplegua sustatzeko plan zehatz bat aldarrikatu du, laguntza zuzenekin eta zerga-salbuespenekin.

PSE-EE

EAJrekin batera Eusko Jaurlaritzan agintzen duen PSE-EEko buruzagi Idoia Mendiak begi onez hartu du Urkulluk hilaren 30ean alderdi guztiekin biltzeko asmoa iragarri izana.

Hauteskundeen harira, berriz, erabaki hori lehendakariak hartu behar duela esan du, baina lehentasuna herritarren osasuna bermatzea dela azpimarratu du.  

Bestalde, Mendiak esan du krisi honetan hartu beharreko neurriak alderdi guztiekin eztabaidatu eta adostearen aldekoa dela.

Lehendakariari kritika txiki bat egin dio, Pedro Sanchezen Gobernuaren jarduteko moduari buruz egin dituen adierazpena direla eta. Konfinamendua biguntzeko erabakia Espainiako Gobernuari dagokiola gogoratu du eta PSOEren asmoa neurri horiek erkidegoetako agintariekin batera hartzea dela esan du.

"Bakarrik ez dugu krisi hau gaindituko", ohartarazi du.

EAJ

Joseba Egibarrek, berriz, oposizioko taldeen kritikei erantzun die, alderdien mahaia beste batzuetan ere osatu dutela esanez eta hauteskundeen atzeratzea talde guztien artean zela gogoratuz.

Ildo berean, Eusko Jaurlaritzak informazioa ematen ez duela gezurtatu du eta Osasun Sailak talde parlamentarioei astero txostenak bidaltzen dizkiela esan du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena