22:37

Politika

Koronabirusa

Josu Erkoreka: "Buru-belarri gabiltza gure deseskalatze plana prestatzen"

T.S.J. | A. B. | EITB.EUS

Haurren konfinamendua malgutzeko baldintzei buruzko xehetasunak eskainiko ditu Espainiako Ministroen Kontseiluak asteartean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak argitu duenez.

  • Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, ETB2ko '360º' saioan

    Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, ETB2ko '360º' saioan. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Koronabirusaren pandemian, hurrengo fasera begira, Eusko Jaurlaritza "buru-belarri dabil deseskalatze plan propioa prestatzen", ETB2ko '360º' saioan Eider Hurtadori eskainitako elkarrizketan Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea "deskonfinamendu asimetrikoa" egitearen alde agertu bazen ere, Erkorekak zalantzak azaldu ditu. "Ez dago argi erkidegoek erabakitzeko esparrurik izango ote duten"; izan ere, "baliteke deseskalatze prozesua Gobernu zentralak berak gidatzea".

Haurrak tarteka kalera irten ahal izatea eta haien konfinamenduaren leuntzeari buruzko kontuak eta arauak astearteko Ministroen Kontseiluan zehaztuko direla aurreratu du Erkorekak elkarrizketan. Gainera, "jarduera fisikoa modu mugatu eta kontrolatuan" egin ahal izatearen inguruan aurrerapausoa eman behar dela adierazi du, "etorkizuneko osasuna bermatzeko". Saltoki txikiak zabaldu ahal izatea ere nahiko lukete baina deitoratu duenez, "oraindik ez dugu Espainiako Gobernuaren erantzunik jaso".

Maskarak

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak kritikatu duenez, "onartezina da maskaren gomendioa luzatzea eta horien hornidura bermatzeko baliabideak ez ezartzea". Dena dela, maskaren prezioak kontrolatzeko eta finkatzeko Espainiako Gobernuak abiatutako agindua dela medio, "laster maskarilla nahiko izango da herritar guztientzat, eta eskura egongo da farmazia guztietan eta arrazoizko prezioetan".

"Euskadin test asko egin dira, eta egiten ari dira, baina guztiz fidagarriak diren testak (PCR) lortzeko gaitasuna mugatua da", esan du Erkorekak, koronabirusa antzemateko testei buruz galdetuta. "Test azkarrak oso baliagarriak dira ikerketa epidemiologikoetarako, biztanleriaren argazkia izateko eta immunizatuta nortzuk dauden jakiteko, baina ez dira egokienak osasun-zerbitzuarentzat", argudiatu du.

"EAEko osasun sistema ez da inoiz kolapsatzeko zorian egon"

"Gaur egun ezinezkoa da biztanle guztiei test fidagarriak egitea. Ondorioz, gizataldeak lehenetsi dira (osasun-langileak), eta, pixkanaka, beste gizatalde batzuetara zabaltzen joango da", azaldu du.

Ekonomia

Apirilaren 14an oinarrizkoak ez diren jarduerak berrabiarazita, EAEko "industria-jardueraren % 30 martxan dago", azaldu du Erkorekak. "Enpresariek argi izan dute lehentasuna langileen osasunak duela, eta akordio handiak lortu dira sindikatuen eta enpresetako zuzendaritzen artean", gaineratu du. "Gaur egun eta etorkizunean izango dugun osasunean pentsatu beharra geneukan, jarduerak epe luzez bertan behera uzteak etorkizuneko osasuna arriskuan jartzen baitu”, ohartarazi du.

Etorkizunari begira, ekonomia suspertzeko, Erkorekak apustu hau egin du: "Erakunde publiko guztien arteko akordioak sinatu behar dira, eta kontzertuak pribatuekin, Europar Batasunaren babesarekin. Hori bai, euskal ekonomiaren suspertzea euskal gizartetik bertatik etorriko da".

Osakidetza

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Euskal Autonomia Erkidegoak duen osasun-sistemari buruz ere hitz egin du. "Gure osasun-sistema ez da inoiz kolapsatzeko zorian egon, beti izan baititugu zetorrenari aurre egiteko baliabideak, eta pandemiari erantzuteko planifikazioa ona izan da", esan du. "Orain, deseskalatzean eta normaltasun berrian jarrita daukagu arreta", azpimarratu du.

Azkenik, Erkorekak ez du argitu EAEko hauteskundeak noiz egingo diren, ezta udan bidaiatu ahalko den eta jai jendetsuak ospatu ahalko diren ere. "Oso zaila da kontu hauei buruzko aurreikuspen bat botatzea. Kontu handiz erabakiko diren kontuak izango dira, eta gai hauek neurtu egin beharko dira oso arriskutsuak izan baitaitezke", esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena