Politika
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduko bozeramaileak esan duenez, lehendakariarekin hitz egin zuen azken aldia apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratzea erabaki zutenean izan zen.
Maddalen Iriarte, EH Bildko bozeramailea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Maddalen Iriarte Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramailea "akordioetatik ihes egitea" leporatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, "ezberdinak direnekin hitz egitea gustatzen ez zaiolako".
Iriartek telemakoki emandako prentsaurrekoan esan du EH Bildu "kezkatuta" dagoela ez duelako "batere argi ikusten Jaurlaritzak nora zuzendu nahi dituen politika publikoak".
"Ondorio latzak ekar ditzakeen salbuespen egoera bizi dugu, eta, bitartean, bada milaka pertsonaren bizitzarekin jolasean ari denik, eta ez dakigu zein helbururekin", azpimarratu du.
Iriarte haserre agertu da eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean EH Bilduk autonomoei laguntzeko egindako proposamenak eztabaidatzen ziren bitartean, Urkullu hedabideen aurrean agertu zelako autonomoentzat eta enpresa txikientzat 30 milioiko laguntza berria iragartzeko.
"Gure proposamenak atzera botatzea gehiago ala gutxiago gustatu ahal zaigu, baina guretzat onargarria ez dena jarrera da, erabakiak batera hartu behar ditugu, akordioak bilatuz eta guztion ongizatea lortzeko, ez eliteena bakarrik", azaldu du Iriartek.
30 milioi euroak "nahikoa ez direla" adierazi ostean, laguntza hori "zergatik" erabaki duten galdetu du EH Bilduko ordezkariak, "Nafarroan, 650.000 biztanlerekin,hau da, EAEn baino bost aldiz populazio txikiagoarekin, laguntzak 40 milioikoak direnean".
Alderdien mahaia
Maddalen Iriartek gogora ekarri du EH Bilduk behin era berriro eskatu duela mahai bat eratzea erakundeekin, alderdiekin, eragile ekonomiko eta sozialekin eta bestelako erakundeekin COVID-19ari aurre egiteko erabakiak adosteko. Proposamen hori ez diote zuzenean lehendakariari helarazi.
"Lehendakariak ez dit deitu. Berarekin azken aldiz hauteskundeak atzeratu egin zirenean hitz egin nuen, eta EH Bilduk pandemiari aurre egiteko sortutako plana eman nion, baina ez dut erantzunik jaso", gaineratu du ezker abertzaleko kideak.
Apirilaren 26tik aurrera adingabeek eta beharrizan bereziak dituzten kolektiboek kalera atera ahal izateko Urkulluk egindako eskaerari dagokionez, Iriartek esan du "lehenengo eta behin txosten zientifiko argiak" izan behar dituztela pauso hori eman ahal izateko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa