Politika
KORONABIRUSA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Osasun publikoko profesionalekin oso zainduta eta artatuta" sentitu zela esan du, pneumonia diagnostikatu eta Covid-19an positibo eman ondoren.
Idoia Mendia. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak koronabirusa kutsatzea saihesteko jarduera ekonomikoa geldiarazteko dekretuari egindako kritikak aurpegiratu dizkio EAJri eta "erakundeen arteko elkarrizketa gehiago praktikatzeko" eskatu dio, "komunikabideen bidez zakarkeria egin beharrean".
Cadena Ser irrati katean egindako adierazpenetan, Mendiak "oso zainduta eta artatuta" sentitu zela osasun publikoko profesionalekin joan den astean esan du, "ospitaleko egonaldi labur batean", pneumonia diagnostikatu eta Covid-19an positibo eman ondoren.
Egun horietan, osasun langileak "topera" daudela eta haien lan baldintzak "askoz ere zailagoak" direla egiaztatu zuela azaldu du, "kutsatzeak saihesteko babes elementuekin, mantekin, txanoekin eta maskarekin" lan egitearen deserosotasuna dela eta.
Mendia "ilusioz" agertu da, Espainiako Gobernuak ezarritako "neurri zorrotzak eragina izaten hasi" direla eta "ospitaleetan eta ZIUn lasaitasuna" ematen dutela ikusita, eta "laster jarduera ekonomikoaren pultsua eta normaltasuna berreskuratzea" espero du.
Koronabirusa Espainiara iritsi zenetik alderdiek izan dituzten jarrera politikoen inguruan, euskal sozialisten idazkari nagusiak "bakoitzak lagundu" behar duela esan du, "dagokion lekutik" eta "gobernuek erabaki egokiak har ditzaten lagundu" behar dutela.
EAJren kritikei buruz (Espainiako Gobernuaren dekretua "zorroztasun gutxirekin eta presaka" idatzi zela adierazi zuen), Andoni Ortuzarren alderdia "askoz zuhurragoa" izan behar zela adierazi du Mendiak, arau horrek zenbait irizpide malgutzea ahalbidetzen duelako eta, azkenean, "bere kritikak atzera bota behar izan dituelako".
"Hotsandiko kritika gehiegi eta azkarregiak izan dira", adierazi du. "Egia da Gobernuak gaueko ordu txikietan atera zuela errege dekretua, baina luzamendu egun bat eman zuen, eta, gainera, ohar argigarri bat egin zuen" mantentzen ziren jarduerei eta geldiarazi behar zirenei buruz, eta horrek "atea ireki zion beste enpresa batzuetan funtsezkotzat jotzen diren gutxieneko ekoizpen lerro jakin batzuk malgutzeari".
Horrenbestez, "bistan denez, Gobernuaren dekretuak babesa ematen zion ekoizpen-lerro jakin batzuk mantentzeari", ondorioztatu du.
Gainera, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak "bere burua solaskide instituzional, sozial eta ekonomiko gisa deskalifikatu" zuela uste du atzo Pedro Sanchezen gobernuak osasun krisian egindako kudeaketa "kaosa" eta "zentzugabekeria" dela baieztatu zuenean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa