Politika
Koronabirusa
Macronek koarentenak ezarri ditu eta hauteskundeetako bigarren itzulia atzeratu du
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako presidenteak 15 eguneko isolamendu-epea iragarri du, herritar guztientzat: "Gerran gaude, osasun-gerra batean", esan du.
-
Emmanuel Macron, igande honetan, botoa eman ostean. Argazkia: EFE.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak 15 eguneko isolamendu-epea iragarri du, herrialde osoan, koronabirusaren kutsadurari aurre egiteko asmoz. Halaber, esan ere esan du igande honetan egitekoa zen udal-hauteskundeen bigarren itzulia atzeratu egingo dela, eta ez du zehaztu noiz egingo diren bozketak: "Gerran gaude, osasun-gerra batean, jakina, baina etsaia hemen da; ikusezina da, zaputza".
Herritar guztiei telebistaz egindako adierazpen batean, frantziar presidenteak gehitu du ondorengo 15 egunotan neurriak gogortuko dituztela, herritarrek soilik ezinbestekoak diren joan-etorriak egin ditzaten.
"Askoz ere bidaia gutxiago egingo ditugu. Ezingo gara aire zabalean bilduta, eta ezingo gara lagunekin bildu. Ahal den neurrian, asmoa da kontaktuak mugatzea", azaldu du Macronek.
"Frantzia osoan, bakarrik beharrezkoak diren joan-etorriak egin behar ditugu: erosteko, medikura joateko edo tratamendua jasotzeko, lan egiteko. Eta elkarren arteko tartea errespetatuta, betiere. Enpresa guztiak moldatu beharko dira, etxetik egindako lana sustatze aldera; hori posible ez balitz, antolakuntza egokitu beharko dute", azaldu du. Ohartarazi duenez, "betetzen ez duenak zigorra jasoko du".
Macronek nabarmendu duenez, erabakia "ahobatezko akordioarekin" hartu dute, alderdi politiko guztietako liderrekin batera. Frantziako presidentearen asmoa da borroka egitea, "egunez eta gauez", epidemiaren aurka. Hori egiteko, "erreforma guztiak bertan behera utziko ditugu, pentsioen erreformatik hasita".
Udal-hauteskundeetako bigarren itzulia, atzeratuta
Gainera, Macronek iragarri du udal-hauteskundeetako bigarren itzulia atzeratuko dela. Hurrengo igandean zen egiteak, hau da, hilaren 22an, eta presidenteak ez du beste datarik zehaztu. Nolanahi ere, Edouard Philippe lehen ministroak proposatu die Senatuko eta Asanblea Nazionaleko presidenteei eta alderdietako liderrei ekainaren 21ean egin daitezela.
Oposizioak, aurreko astean, gaitzetsi zuen igande honetako lehen itzulia bertan behera uztea, baina oraingoan, presidentearen hitzetan, ahobatezko adostasuna izan da, bigarren itzulia atzeratzeko. Lehen itzulian, abstentzioa historikoa izan da, % 50etik gorakoa.
"Gerran gaude, osasun-gerran. Egia da etsaia ez dela Armada bat, ezta nazio bat ere, baina hemen dago; ikusezina eta zaputza da. Hortaz, mobilizazio orokorra eskatzen digu", esan du.
Mobilizazioa ekonomikoa ere izango da. Macronen esanetan, Elkartasun Funtsa sortuko dute, enpresariei laguntzeko, eta "salbuespeneko baliabidea" abiatuko dute, kargu sozialetarako eta fiskaletarako. Halaber, Estatuak 300.000 milioi euroko bermea abiatuko du, enpresa txikiek hartutako banku-maileguetarako.
"Ez ditugu enpresak bakarrik utziko, porrot egiteko arriskupean", hitzeman du Macronek.
Presidenteak, era berean, iragarri du ondorengo egunotan ospitale militarra ezarriko duela Alsazian (Frantziako ekialdean dago). Armadak laguntza emango du, kaltetuen dauden eskualdeetako gaixoak lekualdatzeko, ospitaleen pilaketa arintzea helburu.
Asteazkenean, Ministro Kontseiluan, lege-proiektua aurkeztuko dute, Gobernuak indarrean dagoen premiari erantzun azkarra eman ahal izateko; beharrezkoa balitz, dekretu bidez egin dezan: "Eman dezagun maila, banaka eta kolektibo gisa", eskatu du Macronek.