Itxi

Politika

Erresuma Batua

Corinnak Juan Carlos erregearen aurkako salaketa aurkeztuko du Londresen

Agentzia | Erredakzioa

Era berean, Alemaniako enpresaburuak Felix Roldan CNIko zuzendari ohia salatuko du, bere aurkako "kanpaina" egitea eta pertsonalki mehatxatzea leporatuta.

  • Corinna enpresaburua eta Juan Carlos errege emeritua. Artxiboko irudia: EiTB

    Corinna enpresaburua eta Juan Carlos errege emeritua. Artxiboko irudia: EiTB

Corinna zu Sayn-Wittgenstein Alemaniako enpresaburuak Juan Carlos errege emerituaren aurkako salaketa aurkeztuko du Londreseko epaitegietan, mehatxuak eta jazarpena egotzita. 2012an Botswanara elkarrekin egin zuten bidaia jakitera eman ondoren, "Estatu sekretuak" ezagutzera ez emateko eskatu zion estatuburuak, Corinnaren arabera.

Enpresaburuaren bozeramaile batek azaldu duenez, Corinnak Felix Roldan CNIko zuzendari ohia salatuko du, bere aurkako "kanpaina" egitea eta Erresuma Batuan pertsonalki mehatxatzea leporatuta.

Corinnaren ahotan, errege emerituak Botswanan ezbeharra izan zuenean hasi zen guztia. Aste batzuk geroago Monakoko bulegoa eta etxea "okupatu" zioten segurtasun enpresa bateko kideek. "Madrilego lagunen" bidez bera topatu zutela jakinarazteko mezu bat jaso zuen egun batzuk lehenago; ekintzak Juan Carlosekin zerikusia zuela ondorioztatu zuen enpresaburuak.

Segurtasun enpresak babes misio bat zela azaldu zion Corinnari, baina dokumentuak atzemateko Espainiako zerbitzu sekretuen "estalki" bat izan zela uste du enpresaburuak. Horregatik, erregeari azalpenak eskatu zizkion, eta Sanz Roldan operazioa zuzentzen ari zela erantzun zion hark.

John Smith izenarekin mugikorreko kontaktuen zerrendan du errege emerituaren telefono zenbakia. Horrela, SMS bidez komunikatzen zen Alemaniako enpresaburua. Trukatu zituzten mezuak eta notario aurrean egindako adierazpen bat aurkeztu ditu Corinnak, publikoki salatu izan duena indartzeko, eta laster Erresuma Batueko epaitegietan auzia planteatuko du.

Monakoko gertakarietan, zerbitzu sekretuen buruzagi ohiaren posta elektroniko bitxi batzuk kokatu ditu Corinnak. Horietan mehatxatu zutela ziurtatu du. Posta horiek salaketan erantsiko ditu.

"Dokumentuak eman arte seguru ez zela egongo esan zion jeneralak", azaldu du enpresaburuak notario aurrean. Corinnak komisionista bezala egindako lanarekin lotzen ditu agiriak, baina inteligentzia zerbitzuetako artxiboak ez direla ziurtatu du.

Corinnaren arabera, Londresera joan zen 2012ko maiatzean, eta bertan Sanz Roldan hurbildu behar zitzaiola azaldu zion Juan Carlosek. Ordubeteko bileran, Connaught hotelean, jeneralak Corinna eta haren seme-alabak mehatxatu zituen jeneralak, enpresaburuak azpimarratu duenez.

Kontu korronteak Suitzan

Bestalde, errege emerituak Corinnari eta haren semeari milioiak eman omen zizkien "opari" gisa 2012an, "atsegin zituelako".

Suitzako Fiskaltzak 65 milioi euroko kontu korrontea atzeman ondoren kontatu zuen Corinnak. Mekako abiadura handiko trenaren lanak Espainiako enpresei emateko egindako bitartekaritzaren truke emandako komisioa ote den ikertzen ari da Suitzako Fiskaltza.

Ikerketa batzordea

Bestalde, Unidas Podemosek ikerketa batzordea abian jartzeko eskakizun propioa aurkeztu du Diputatuen Kongresuan, Ganberak Juan Carlos I.a "estatuburu ohiaren ustezko irregulartasunak" ikertu ditzan, "Espainiaren eta Saudi Arabiaren arteko harreman diplomatiko eta komertzialekin lotuta".

Horrela, errege emerituak Suitzan eta beste zerga paradisu batzuetan izan ditzakeen kontuak eta Saudi Arabiaren ustezko komisioak ikertzea planteatu du koalizio moreak.

Proposamena ERCrekin batera aurkeztu du UPk, eta EAJrekin harremanetan izan da, jeltzaleak bat egiteko prest baitzeuden, baina komunikazio arazo batengatik ez da posible izan, EAJk azaldu duenez.

Aldez aurretik ERCk ekimen bera aurkeztu zuen, Compromis, Junts, Mas Pais eta BNGrekin batera.