Politika
GASTEIZ
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Martin Villa ministro ohiak Servini epailearen aurrean gertaera horiengatik deklaratzea saihesteko "maniobren" beldur dira biktimak.
Milaka pertsona manifestatu dira Gasteizen justizia eta erreparazioa eskatzeko 1976ko martxoaren 3ko biktimentzat. Egun hartan bost langile hil eta ehun inguru zauritu ziren poliziak lan protestan zeudenen kontra egindako tiroen ondorioz.
Martxoaren 3ko biktimen elkartea kezkatuta agertu da "azken orduko maniobrek" Rodoldo Martin Villa ministro ohiaren deklarazioa zapuzteko aukera dagoela iritzita. Frankismoko krimenak ikertzen dituen Maria Servini epaileak martxoaren 20rako deitu du deklaratzera Martin Villa gertakari horiengatik.
Elkarteak mezua bidali dio Espainiako Gobernuari, eta "zigorgabetasunarekin ez dago demokraziarik", ohartarazi dio, oraindik ez baitute inor zigortu gertakari haiengatik.
Manifestazioa Zaramaga auzoan hasi da, Frantzisko Asiskoaren elizan, bertan izan baitzen 1976ko martxoaren 3ko sarraskia, poliziak eliz barruan batzarra egiten bilduta zeuden langileei tiro eginda.
Martxoaren 3ko biktimen elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek antolatu dute martxa, eta justizia eta erreparazioa eskatu dute biktimentzat.
Manifestazioa hasi aurretik, hainbat omenaldi eta lore eskaintza egin dira egunean zehar biktimen oroimenean egindako eskulturaren aurrean, erakunde, alderdi politiko, sindikatu eta herritarren parte hartzearekin.
Ministro ohiaren deklarazioa
Aurtengo urteurrenak izaera berezia du, frankismoko krimenak ikertzen dituen Maria Servini epaile argentinarrak Rodolfo Martin Villa 1976ko martxoaren 3ko gertakariengatik deklaratzera deitu baino egun batzuk lehenago izan baita.
1976ko martxoaren 3ko gertaera lazgarriak izan zirenean, Martin Villa Espainiako Gobernazio ministroa zen, gaur egungo Barne ministroaren parekoa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa