Politika
Gasteiz
agentziak | erredakzioa
Alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariak Zaramagara joan dira, San Frantzisko eliza ondora, hildako bost langileen omenez jarritako monolitora.
Albisteak (2)
Alderdi politikoek eta sindikatuek, bakoitzak bere aldetik, duela 44 urte poliziak Gasteizen hildako bost langileak omendu dituzte, eta biktimentzat "egia, justizia eta konponketa" eskatu dute.
Egun osoan, alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariak Zaramagara joan dira, 1976ko martxoaren 3an langileen asanblada baten aurkako oldarraldian poliziak hildako bost langileen omenez San Frantzisko eliza ondoan jarritako monolitora.
Bertan izan dira, besteak beste, Jose Antonio Suso EAJren Arabako burua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea. Monolitoan lore-sorta utzi ostean, Susok esan du oroimenerako eguna izateaz gain, "salaketarako" eguna ere badela.
"44 urte eta gero, martxoaren 3ko biktimentzat justizia eta konponketa eskatzen dugu", adierazi du Susok. Horren harira, jeltzaleek urte horietan biktimen errekonozimendua lortzeko eta "ardurak" argitzeko lan egin dutela esan du, baina "frontoi bat, fronte hautsiezina" jarri dietela aldarrikapen horien aurrean.
Zaramagako monolitoaren ondoan egin du ekitaldia Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak ere. "Sarraski" hura "argi" oroitzen duela adierazteaz gain, Justiziarentzat oraindik errudunik ez dagoela salatu du.
Era berean, hautagai abertzaleak kritikatu du egungo Espainiako Gobernuak aurrekoen bidea jarraitzen duela, "beste alde batera begiratzen" eta ardurak argitzeko prozesuan "oztopoak jartzen".
Cristina Gonzalez PSE-EEren Arabako idazkari nagusia ere Zaramagara bertaratu da, bost langileak omentzeko eta duela 44 urte lan-eskubideen alde kalera atera ziren pertsona guztiak oroitzeko.
Jose Ramon Becerra Equo Berdeak-en hautagaiak ere lore-eskaintza egin dio eskulturari, Oscar Fernandez zinegotziarekin batera. Argentinako Justiziak abian jarritako prozesuak "sarraskia"ren inpunitatea amaitzea eta "legearen pisua hilketen arduradunen gain jartzea" espero dutela adierazi dute.
CCOO eta LABek ere omenaldiak egin dituzte monolitoaren aurrean. Gaur arratsaldean, Martxoak 3 Elkarteak deitutako manifestazioaren aurretik, Podemosek, Ezker Anitzak eta PCE-EPK-k ere ekitaldiak egin dituzte.
Leticia Cameron PPren zinegotzia ez da monolitoa dagoen gunera joan, eta txio bat argitaratu du: "Gaurko egunez duela 44 urte Gasteizen izan ziren gertakariak oroitzen ditugu gaur, eta bereziki 5 hilketak. Bizirik manten dezagun memoria".
Hoy recordamos los trágicos hechos ocurridos tal día como hoy hace 44 años en #VitoriaGasteiz y especialmente a los 5 asesinados
— Leticia Comerón ¿¿ (@LeticiaComeron) March 3, 2020
¿Mantengamos viva la memoria#3deMarzo pic.twitter.com/7j5IWSt2sJ
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa