Politika
Elkarrizketarako mahaia
agentziak | erredakzioa
"Gatazkaren izaera politikoa" dela eta "irtenbide politikoa" behar duela berretsi dute. Baina Torrak autodeterminazioaren eta amnistiaren inguruko desadostasunak aipatu ditu.
Kataluniako gatazkaren inguruan Espainiako eta Kataluniako gobernuek osatu duten mahaia hilero elkartuko da, txandaka Bartzelonan eta Madrilen, gaur Moncloa Jauregian egindako lehenengo batzarrean adostu dutenez.
Bi aldeek kaleratu duten agiri bateratuan, bileraren garrantzia goraipatu dute, "gatazkaren izaera politikoa" dela eta "irtenbide politikoa" behar duela berretsi dutelako.
"Bi ordezkaritzok bat gatoz irtenbidea lortzeko tresna dela gobernuen mahaia eta, horregatik, elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa sustatzeko lanean jarraitzea adostu dugu", adierazi dute.
Agiri horretan zehaztu dutenaren arabera, hala ere, mahaian adostutako guztia "segurtasun juridikoaren barruan" egongo da.
Lehenengo bilera honetan Pedro Sanchez eta Quim Torra presidenteak eta hainbat presidenteorde izan dira, baina aurrerantzean beste "lantalde" bat osatuko du ordezkaritza bakoitzak.
Presidente eta presidenteordeak akordio politikoak berresteko beharrezkoak direnean joango dira batzarretara, printzipioz.
Bileraren osteko agerraldian, Quim Torra Generalitatearen presidenteak mahaia bera kolokan jar dezaketen gai guztiak kanpoan uztearen alde egin du, Kataluniako hauteskundeei eta Estatuko aurrekontu orokorrei erreferentzia eginez.
Kataluniako presidenteak azpimarratu du "eztabaida irekia" izan dela, "planteamenduetarako askatasunarekin", "zintzoa eta argia", baina ez omen du Sanchezenen aldetik nahi zuena jaso: "Oraindik ez dakigu zein den Espainiako Gobernuak Kataluniako gatazka politikoari eman nahi dion erantzuna".
Torraren arabera, desadostasunak gatazkaren irtenbidean daude hain zuzen ere, Generalitateko presidentearen ustez adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna "oinarrizko eskubideen ukazioan oinarritzen" da arazoa, eta hor preso politikoen amnistia eskatu du. Era berean, "herrien autodeterminaziorako eskubidea guztiaren gainetik" dagoela azpimarratu du.
"Elkarrizketarako bidea hasi da", adierazi du, hurrengo batzarra martxoan Bartzelonan izango dela jakinarazi aurretik. "Garrantzitsuena mahaia abian jartzea zen", Torraren esanetan, Espainiako Gobernuak "gatazka politikoki konpontzeko konpromisoa" hartua duelako.
Sanchez
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Torrari esan dio ez duela bat egiten autodeterminazio eskubidearen inguruko iritziarekin, Maria Jesus Montero bozeramaileak bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez.
Bestalde, Generalitateak eskatzen duen arren, Monterok berretsi du ez dutela errelatore baten beharrik ikusten, nahiz eta negoziazioak zailak direla eta desadostasunak egongo direla aitortu. Hori horrela, "formula irudimentsuak" bilatzearen alde egin du.
Monteroren arabera, garrantzitsuena erakundeen arteko harremanak indartzea da, azken urteetan"“mokoka" aritu ostean "zintzotasun" klima berri bat sortzea.
"Ezer ez egiteko eta beste aldera begiratzeko aukera probatu zuten, eta kaltegarria da", azpimarratu du bozeramaileak, "enpatia"ren eta "ulertzeko gaitasuna"ren bitartez "zauriak sendatzearen" alde egin aurretik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa