Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Alfonso Alonsok dimisioa eman aurretik egin zuen Espainiaren aniztasunaren aldeko mezua ekarri du gogora Sanchezek, bi gobernuen arteko negoziazioaren garrantzia nabarmentzeko.
Pedro Sanchez eta Quim Torra, otsailaren 6an izandako topaketan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchezek eta Quim Torrak Kataluniari buruzko negoziazio mahaia osatuko dute gaur, asteazkena, Moncloa Jauregian, "ikuspegi kontrajarriak" izan arren. Espainiako Gobernuaren esanetan, elkarrizketari bide ematea aurrera egitea da, baina Generalitateak argi utzi du honakoa "gatazka politikoa" bideratzeko negoziazioa dela soilik. Ildo horretatik, gaurko hitzorduan autodeterminazio eskubidea, amnistia eta "errepresioaren amaiera" hizpide izatea eskatu du.
Testuinguru horretan, Generalitateak izendatutako ordezkarien profilari garrantzia kendu zion atzo Carmen Calvo Espainiako Gobernuaren presidenteordeak; izan ere, Kataluniako Gobernuko kide ez diren hainbat lagun izango dira topaketa horretan, baita urriaren 1eko erreferendumagatik ikertu zuten pertsona bat ere.
"Garrantzitsuena esertzea da", esan zuen Calvok agerraldi horretan, eta bi ordezkaritzak "paritarioak" izatea ez dela elkarrizketari bide emateko ezinbesteko baldintza gaineratu zuen. Halaber, Sanchez eta Torra negoziazio mahaiaren lehen bileran izango direla nabarmendu zuen.
Espainiako Gobernuaren presidenteordeak aitortu duenez, "erabat kontrajarria den ikuspegi batetik" abiatuko da bi gobernuen arteko negoziazioa, PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio-gobernuaren jarrera independentisten "antitesian" dagoelako.
Sanchezek mezu bat bidali zien atzo ERCko kideei, aurrekontu orokorrak babestu ditzaten, Estatuak Kataluniarekin zein beste autonomia erkidego batzuekin pilatutako zorra lehenbailehen ordaindu ahal izateko.
"Gobernu honek Kataluniarekin hartutako konpromisoa bete nahi du, Espainiako herri guztiekin egin nahi duen bezala. Hori betetzen utz gaitzatela eskatzen dugu bakarrik. Gero, konpromisoa bete dugun ala ez aurpegiratu ahal izango digute", adierazi zuen atzo Sanchezek Senatuan.
Generalitatetik, Meritxell Budo Kataluniako Gobernuko bozeramaileak esan du JxCat eta ERC "helburu berdinak" dituztela joango direla topaketa horretara, “bi negoziazio ezberdin” abiatzeko asmorik gabe.
Dena dela, Torra buru izango duen taldeak Kataluniako "gatazka politikoa" konpontzeko proposamenak egingo dituela aurreratu du Budok: autodeterminazio eskubidea gauzatzea, proces auziagatik epaitutako politikarientzako amnistia eta "errepresioaren amaiera".
Horrez gain, "bitartekari baten beharraz eta preso politiko eta erbesteratuen egoeraz" hitz egiten saiatuko da Kataluniako ordezkaritza negoziazio mahaian.
Espainiako Gobernuak jada aurreratu duen bezala, Generalitateak ere ez du bilera horretan "akordio handirik lortzea" espero, baina "elkarrizketarako borondatea" egonez gero, "bi gobernuen arteko gatazka politikoa bideratzeko balio izango duen egutegi bat ezarri ahal izango da".
Bestalde, Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordea ezingo da bilerara joan, amigdalitis baten ondorioz atseden hartzen ari delako, baina besteekiko "enpatia" eskatu die lehen bileran izango diren kideei.
Carmen Calvok aurreratu duenaren ildo beretik, Podemoseko buruak "errespetua" eskatu du alderdi bakoitzak izendatu duen ordezkaritzarekin, eta aurreratu du mahaiaren zeregina "luzea" izango dela, eta mahaikideek luzaroan negoziatu beharko dutela, "bai Kataluniari bai Espainiari kalte handia egin dien gatazka bati irtenbidea emateko".
Espainiaren "aniztasunaren alde" agertu da Sanchez
Goizean, Kongresuan egindako Osoko Bilkuran, gaur osatuko den elkarrizketa mahaiaren kontra egin du Pablo Casado PPko buruak. Espainiako Gobernuko presidenteak, ordea, Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidente ohiak dimisioa eman aurretik egin zuen Espainiaren aniztasunaren aldeko mezua ekarri du gogora, bi gobernuen arteko negoziazioaren garrantzia nabarmentzeko.
Casadok, "umilazioa" den topaketa horri "elkarrizketa" ez deitzeko eskatu dio Sanchezi. Izan ere, bere ustez, "Estatu goi-bileraren itxura" izango duen bilera horrek "nazio subiranotasuna, lurraldeen arteko elkartasuna eta espainiarren arteko berdintasuna arriskuan jartzen ditu".
Hala, negoziazio mahaian "gaitasungabetuta" dagoen Kataluniako presidentearekin eta "Estatu kolpe bat emateagatik inputatutako" Jose Maria Jove ERCko buruzagiarekin esertzea onartu izana deitoratu du Casadok.
"Eta hori guztia lazo hori askoren artean eta inolako marra gorririk gabe, eta autodeterminazioari, delitugileei indultua emateari, itun fiskalari eta Gizarte Segurantzaren kutxa bakarrari atea irekiz", salatu du PPko buruak.
Sanchezek erantzun duenez, gaurko bilkuran PPk behin eta berriro aipatzen dituen Venezuela eta Katalunia alde batera uzteko itxaropena zuen, baina ez dela posible deitoratu du. Ildo horretatik, gaur egun Espainiako desoreka inoiz baino handiagoa dela ziurtatu du gizarte, genero, lurralde eta belaunaldi desberdinei dagokienez, Mariano Rajoyren "murrizketen" eraginez.
Gauzak horrela, autonomia erkidego guztiekin elkarrizketa bultzatzearen alde agertu da Sanchez, eta PP agintean zegoenean "legez kanpoko bi erreferendum eta aldebakarreko independentzia adierazpen bat" egin zituztela nabarmendu du. Horrek, Kataluniako independentisten kopurua nabarmen handitzea eragin zuela esan du.
PP eta CUP, mesfidati
Elkarrizketa mahaiak, ordea, "gaizkileak eta Kataluniako Gobernua zuritzea" bilatzen duela salatu du Cayetana Alvarez de Toledo PPko talde parlamentarioko bozeramaileak, eta hitzordua bertan behera uzteko eskatu du, "Konstituzioaren eta Kataluniako konstituzionalisten aurkako iraina" dela iritzita.
Kataluniako PPtik, berriz, Alejandro Fernandez PPCko buruak zalantzan jarri du mahaiak baliagarritasunen bat izango duenik, eta JxCat eta ERC Kataluniako Gobernuko bi taldeen arteko ika-mikaren zerbitzura egongo den "tresna" hutsa izango dela uste du.
CUPeko ordezkariek ere ez dute espero asteazken honetan Moncloan egingo duten bilerak askorako balio izatea. CUPen ustez, "Katalunia ez du eramango Estatuaren errepresioari amaiera emango dion agertoki batera" eta "ez du errepresaliatu politiko guztientzako amnistia ekarriko".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa