14:59

Politika

Zaldibarko luizia

Zabortegian piztu litezkeen suteak kontrolatzeko dispositiboa indartu du Jaurlaritzak

EiTB.EUS

Helikoptero batek apar zigilatzailea bota du igande honetan hondakindegiko puntu arriskutsuenen gainean. Bitartean, desagertuta dauden langileen bilaketa zabortegiko beste gune batera zabaldu dute.

1:27
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Zaldibarko zabortegiaren goialdean piztu daitezkeen suak kontrolatzeko prest dagoen kontrol-dispositiboa indartu du, eta, horretarako, helikoptero bat jarri du; horrek apar zigilatzailea bota du hondakindegiko puntu arriskutsuenen gainean. Helikopteroa lehen egunetan izandako suteak eta ostiralean ordu batzuetan berpiztu zen fokua itzaltzea lortu zituzten makinei gehitzen zaie, eta, horrez gain, suhiltzaile-talde bat zabortegian dago, eta bertan jarraituko du. Bitartean, desagertuta dauden langileen bilaketa zabortegiko beste gune batera zabaldu dute.

Lehorreko ekipoak lanean ari dira sua piztu den ezponda egonkortzeko; izan ere, aldapa handia denez, baliteke lan horiek sua berriro piztea. Hori dela eta, datozen egunetan, aireko suteen prebentzioarekin indartuko dira lurreko lanak.

Jaurlaritzak kontratatutako helikopteroak igande goizean egin du lehen lana. Helibalde edo "bambi" baten bidez, produktu zigilatzaile bat jaurti du (A motako biofor aparra, % 0,30ean urarekin nahastuta), hezegarri izateko eta metano-jarioen ondorioz foku berriak berriz aktibatzea zailtzeko. Produktu biodegradagarria da, eta oso eraginkorra, su solidoen aurrean duen biskositateagatik; metanoaren eta hondakinen errekuntzaren ondorioz, zabortegian su solidoak sor daitezke.

Helikopteroak Ingurumen Sailak martxan jarritako operatiboaren esanetara jarraituko du, zabortegia egonkortzeko eta lurperatutako bi beharginak erreskatatzeko premiazko jarduketei aurre egite aldera.

Bestalde, erretena lurrean berehala esku hartzeko prest dauden makinekin geratuko da, zabortegiko puntu sentikor horretara iristeko sortutako sarbideei esker.

Bilaketa-lanak beste gune batera zabaldu dute

Bitartean, harrapatutako bi langileak bilatzeko lanak erreskateko 2. gunera zabaldu dituzte larunbat honetan, aurreneko zonaldearen miaketari eusten dioten bitartean, Eusko Jaularitzak azaldu duenez. Langileak topatzea helburu, bi gunetan ari dira lanean, teknikariek gorpuak bertan daudela uste dutelako. Egonkortze-lanek aurrera egin ahala, bilaketa-gunea zabaltzen ari dira, geologoek segurutzat jotzen duten tokira iritsi arte.

Bilaketa-lanen egoera aztertzeko, bilera tekniko berria egin zuten larunbatean, eta, bertan, hondakindegiko segurtasun- eta egonkortze-lanak aztertu zituzten. Bestalde, Osasun Sailak prebentzio-neurriak bertan behera utzi ditu Ermuko San Lorentzo auzoan, ostegun goizaldean sutea berpiztu eta ostiralean itzali ondoren.

Ostegunean, zabortegiaren inguruko aire-kalitatearen azken neurketen emaitzak jakitera eman zituen Ingurumen Sailak, eta adierazle guztiak ohiko mailan zeuden, dioxinak eta furanoak izan ezik; horiek ohiko maila baino altuagoak ziren. Nolanahi ere, lagin horiek otsailaren 9 eta 16 artean jaso ziren, sutea oraindik piztuta zegoenean, eta kontuan hartuta egun sutea itzalita dagoela, Eusko Jaurlaritzak ez du prebentziozko neurrien beharrik ikusten.

Salaketa, Fiskaltzaren aurrean

Verter Recycling 2002 enpresak otsailaren 4an jakin zuen Zaldibarko zabortegian arrakalak agertu zirela, baina, hala ere, jarduerarekin jarraitzea erabaki zuen. Bi egun geroago, lur-jausia izan zen. Testuinguru horretan, Ingurumen Sailak kasua Fiskaltzaren esku utzi du.

Enpresa horren kontrako bigarren espediente zigortzailea da; lehenengoari udan Lan Ikuskaritzak zabortegian antzeman zituen ustezko irregulartasunen harira eman zioten hasiera.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena