08:58

Politika

Zerga berriak

'Google tasa' eta 'Tobin tasa' onartuko ditu gaur Ministro Kontseiluak

Agentziak | Erredakzioa

Horrez gain, baja mediko justifikatuak pilatzeagatik langileak kaleratzea baimentzen duen Langileen Estatutuaren 52. artikulua indargabetuko du Ministro Kontseiluak.

  • Ministro Kontseilua.

    Ministro Kontseilua. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Finantza transakzioei eta zerbitzu digital batzuei ezarritako zerga berriak onartuko ditu gaur, asteartea, Ministro Kontseiluak. Bi zerga horien bidez, urtean 2.000 milioi euro inguru biltzea espero du Espainiako Gobernuak.

'Google tasa' izenarekin ezagutzen den zerga, teknologia arloko enpresa handiei ezarri nahi diete, besteak beste, Google, Facebook, Amazon edota Netflix konpainiei. Izan ere, urtean 750 milioi euroko irabaziak eta Espainian 3 milioi euro baino gehiagoko diru-sarrerak dituzten enpresek ordaindu beharko dute zerga. Neurri horrekin, 1.200 milioi euro biltzea aurreikusi du koalizio-gobernuak.

Espainiako Gobernuaren esanetan, zerbitzu digitalen salerosketarekin irabazi handiak dituzten nazioarteko enpresek gaur egun ez dute zergarik ordaintzen Espainian. Hala, tokiko enpresa txikiei lehia bidegabea egiten dietela ondoriozta daiteke, eta beharrezkotzat jo du jarduera digitalarekin lotutako zerga hori sortzea.

Sanchezen gobernuak onartuko duen zerga Frantziak iaz onartu zuenaren antzekoa da. Dena dela, oraindik ez dute indarrean jarri neurria, Ameriketako Estatu Batuekin (AEB) akordioa lortu ostean. Izan ere, Frantziako produktuei muga-zergak ezarriko zizkiela iragarri zuen Trumpek, zerga digital horrek AEBko konpainia teknologiko handiak zigortu behar zituela iritzita.

Zerga horrekin batera, 'Tobin tasa' izenez ezagutzen den finantza-transakzioen gaineko zerga sortzen duen lege-proiektua onartuko du Ministro Kontseiluak. Espainiako Gobernuaren arabera, 850 milioi euro inguru lortuko ditu zerga horrekin, eta diru hori pentsioetara eta Gizarte Segurantzaren babes-sistemara bideratuko da.

Horrez gain, 2012ko lan-erreformaren atal bat bertan behera utziko du gaur Ministro Kontseiluak. Zehazki, baja mediko justifikatuak pilatzeagatik langileak kaleratzea baimentzen duen Langileen Estatutuaren 52. artikulua indargabetuko du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena