13:30

Politika

'Barcenas auzia'

Rajoy berriro azalduko da epaitegian PPren 'B kutxa'ren gaineko azalpenak emateko

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako presidente ohia lekuko moduan azaldu beharko da 'Barcenas auzia'ren epaiketan. Jose Maria Aznarrek ere deklaratu beharko du, lekuko gisa.

  • Mariano Rajoy, aurreko ostiralean, Murtzian, bere liburuaren aurkezpenean. Argazkia: EFE.

    Mariano Rajoy, aurreko ostiralean, Murtzian, bere liburuaren aurkezpenean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiak berriro ere eman beharko ditu azalpenak PPren 'B kutxa'ren gainean; izan ere, lekuko moduan azaldu beharko da Barcenas auziaren epaiketan. Prozesu horretan, Genova kaleko PPren egoitza nazionala berritze-lanak ordaintzeko diru beltzik erabili ote zen epaituko dute. Prozesu horretan, Espainiako beste presidente ohi batek ere deklaratuko du, Jose Maria Aznarrek hain zuzen ere; Aznar lehen aldiz azalduko da epaiketa batean PPren ustezko finantziazio irregularragatik.

Gurteleko lehen aroa epaitu zuen auzitegiak (alegia, 1999-2005 bitarteko aroa), 2018an emandako epaian, zalantzan jarri zuen Rajoyren adierazpenaren sinesgarritasuna; espainiar presidente ohiak PPn 'B kutxarik' egotea ezeztatu zuen, epaiketa horretan ere lekuko moduan deklaratu zuenean. Orduan, Rajoy Espainiako presidente zegoen; historian, lehen aldiz azaldu zen epaiketa batean presidente bat, karguan zegoela.

Auzitegiak antzemandako sinesgarritasunik ezak bultzatu zuen Rajoyren aurkako zentsura-mozioa; PSOEk behar zuen babesa batu zuen, mozio horrek arrakasta izan eta Rajoy Espainiako Gobernuko presidentetzatik kentzeko.

Barcenas auziko epaiketan (diruzain ohiaren paperak izango ditu abiapuntu, eta oraindik ez dago zehaztuta noiz egingo duten), PPko lau idazkari nagusi ohik deklaratuko dute: Francisco Alvarez Cascosek, Javier Arenasek, Angel Acebesek eta Maria Dolores de Cospedalek. Lehen hirurak Gurtel auzian ere azaldu ziren.

Arenasek, Alvarez Cascosek edo Rajoy berak, Gurteleko epaiaren arabera, adierazi zuten aipatutako paper horiek "sinesgarritasunik" ez zutela, eta ezeztatu egin zuten alderdian 'B kutxa'rik egotea.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena