13:17

Politika

XIV. legegintzaldia

ERCk, EH Bilduk, JxCatek, CUPek eta BNGk monarkia eta erregea baztertu dituzte

EITB.EUS

Bost indar independentista eta errepublikarrek adierazpen bateratua izenpetu dute XIV. legegintzaldiaren abiatze ekitaldian ez egoteko arrazoiak azaltzeko.

8:20
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ERCk, EH Bilduk, JxCatek, CUPek eta BNGk adierazpen bateratua izenpetu dute gaur Espainiako Gorteetan XIV. Legegintzaldiaren abiatze ekitaldiaren harira. Espainiako Felipe VI.a ekitaldiko protagonista dela eta, ez joatea erabaki dute indar independentista eta errepublikarrek, eta monarkiaren kontrako adierazpena adostu dute. Agirian diotenez, "Espainiako erregeak eta monarkiak gure parlamentuen, herritarren eta gobernuen aurkako tutela alde batera utzi behar dute". Alderdion hitzetan, monarkia "erabat anakronikoa eta Frankismoaren oinordekoa den instituzioa da".

"Ez dugu Erregerik. Demokrazia, askatasuna, errepublikak" izenburua du adierazpenak. Agiria prentsaurreko batean irakurri dute Gabriel Rufian, Laura Borras, Mireia Vehi, Oskar Matute eta Nestor Rego, hurrenez hurren, ERCko, JxCatko, CUPeko, EH Bilduko eta BNGko bozeramaileek, gazteleraz, galizieraz, katalanez eta euskaraz. Agerraldia XIV. Legegintzaldia ofizialki abiatu baino ordubete arinago egin dute, ekitaldira joateko asmorik ez zutela iragartzearekin batera.

Adierazpena sinatu duten bost indar politiko independentista, subiranista eta errepublikarren esanetan, "Espainiako monarkiak eta bere ordezkari nagusiak, Espainiako Erregeak, ez gaituzte ordezkatzen". Nabarmendu dutenez, Kataluniako, Euskal Herriko eta Galiziako "gizartearen gehiengoak gaitzetsi egiten du erabat anakronikoa eta Frankismoaren oinordekoa den instituzioa. Monarkiak Espainiako batasuna eta legedia inposatzea ditu oinarri, gure herrien eta herritarren eskubide zibil, politiko eta nazionalak ukatuz".

Era berean, azpimarratu dute Felipe VI.a ez dela "solaskide eta bitartekari balekoa" eurentzat. "Ez du gure herrien zilegitasuna eta ez diogu aitortzen inolako zeregin politikorik", erantsi dute. Salatu dutenez, euren nazioen aldarrikapen demokratikoen aurrean, "proiektu eta balio antidemokratikoak inposatu ditu" eta urriaren 3an egindako "diskutso autoritarioa" ekarri dute gogora.  

ERC, EH Bildu, JxCAT, CUP eta BNG alderdien ustez, "Espainiako Monarkia ez dator bat askatasuna, berdintasuna eta demokrazia bezalako balio errepublikanoekin, eta uko egiten dio gure herrietako gehiengo sozialaren eskariei. Erregeak ordezkatzen dituen oinarri, oinordetza eta balioekin apurtuz soilik izango da posible benetako demokrazia. Horregatik, uste dugu Espainiako erregeak eta monarkiak gure parlamentuen, herritarren eta gobernuen aurkako tutela alde batera utzi behar dutela. Horrela bakarrik lortuko direlako herri borondatearen errespetuan, askatasunean eta demokrazian oinarritutako konponbideak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena