Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Baina Espainiako Gobernuko presidenteak ez du bitartekaria egotea onartu. Kataluniako presidenteak, berriz, "itxaropen faltsurik" ez izateko eskatu du.
Albisteak (3)
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Quim Torra Generalitatearen buruak onartu egin duela "gatazka politikoa" jorratzeko elkarrizketa mahaia otsailean bertan martxan jartzea.
Generalitatearen Jauregian aldebiko bileraren ostean Sanchezek azaldu duenez, mahaia osatzeko lehenengo batzarraren buru izateko prest dago, baina ez du aurreratu nortzuk osatuko duten mahaia.
Gaur izan duten ordu eta erdiko bilerak Espainiako Gobernuak zituen aurreikuspenak gainditu ditu, izan ere, elkarrizketarako mahaiaren lanen hasierarako data adostuko zutenik ere ez zuten espero.
Sanchezek erabat errefusatu du negoziazio mahai horretan bitartekariaren figura egotea, Junts per Catalunyak proposatzen duena, ez baitu beharrezko ikusten, Espainiako Gobernuak "elkarrizketa zintzoa eta gardena" izateko asmoarekin parte hartuko duelako.
Torrak autodeterminazio eskubidea eta 'proces'eko presoen amnistia eskatu dizkiola baieztatu du Sanchezek. Espainiako presidentearen ustez, horrek agerian uzten du bi aldeek dituzten abiapuntu "desberdinak", Madrilen jarrera Kataluniaren autogobernuan sakontzea baita, aldarrikapen horrek "kataluniar gehiago batzen eta Kataluniako gizartea hobeto ordezkatzen" duelako.
Sanchezek helarazitako proposamen dokumentuan, Espainiako Gobernuak hitzematen du finantza eta zerga alorrean autonomia handiago izateko Generalitateak egindako eskaerak aztertuko dituela, baina Zerga eta Finantza Politiken Kontseiluan (Espainiako Gobernua eta erkidego guztiak daude bertan) parte hartzeko deia egin dio.
Torrak "itxaropen faltsurik ez" izateko eskatu du
Torrak, bere aldetik, elkarrizketa mahaiarekin "itxaropen faltsurik ez" egiteko deia egin die herritarrei.
Sanchezen ostean egin du agerraldia Torrak, eta azpimarratu du mahai horretan "gatazka politikoaren oinarrian" dauden bi gai jorratu beharko liratekeela: "autodeterminaziorako eskubidea" eta "errepresioaren amaiera".
"Autodeterminazioaz, erantzun du 'Konstituzioaren barruko autogobernua’ eta ez dut erantzunik jaso errepresioaren amaieraz", azaldu du Torrak.
Sanchez otsaileko lehenengo bileraren buru izateko borondatea agertzera mugatu bada ere, Torra harago joan da, eta presidenteak negoziazio mahaiko bilera guztien buru izatea eskatu du.
Bilerak iraun duen ordu eta erdian, Torrak "preso eta erbestean" dauden buruzagi independentisten papera aitortzeko beharra berretsi du, mugimendu independentista Generalitatea osatzen duten alderdiak baino zabalagoa delako.
Horren harira, Kataluniako presidenteak iragarri du batzarra deituko duela Kataluniako independentismoaren eragileekin, bileraren nondik norakoak azaltzeko eta presidenteak helarazitako proposamen dokumentua helarazteko, erantzun "bateratua" adoste aldera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa