Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Parlamentuko Mahaiak diputatu-akta kendu ostean, Torrak parlamentari gisa dituen eskubideak babesteko eskatu dio Torrenti, eta bere gaitasungabetzea atzera bota dezala galdegin dio Ganberari.
Bere agerraldia amaituta, JxCATeko diputatuek Torra babestu dute; ERCkoek, ordea, ez. Argazkia: EFE.
Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek ohartarazi dio Generalitateko presidente Quim Torrari ezin izango duela bozkatu Ganberan astelehen honetan egiten ari diren osoko bilkuran, Kataluniako Parlamentuko erabakiak arriskuan egon ez daitezen.
Osoko bilkura hasi aurretik, Roger Torrentek gogora ekarri du Espainiako Hauteskunde Batzordeak eta Auzitegi Gorenak ebatzi dutela Torrari diputatu-agiria kendu behar diotela, desobedientziagatik zigortuta baitago. Torrenten hitzetan, hori "justifikaezina" da, baina, nabarmendu duenez, Kataluniako Parlamentua babestea da haren betebeharra.
Goizean, alabaina, Xavier Muro Parlamentuko idazkari nagusiak aginduta zuen Quim Torrari diputatu-agiria kentzea. Bilkuraren hasieran, Kataluniako presidenteak hitza eskatu du, eta, Generalitateko presidentea denez, eman diote. Ganberaren aurrean, eskatu egin dio Torrenti diputatu gisa dituen eskubideen alde egin dezala, eta, halaber, galdegin dio Kataluniako Parlamentuari bere gaitasungabetzea atzera botatzeko; bestela, ohartarazi duenez, "erakundeak arriskuan izango dira".
"Diputatu guztiei eskatzen diet irregulartasun hau, legez kontrako gertaera hau, atzera botatzeko, segituan. Horrela ez balitz, erakundeen jarraipena arriskuan izango litzateke", adierazi du. Kataluniako presidenteak ahalmena du hitza hartzeko bere iritziz komenigarria den guztietan, eta ahalmen horretaz baliatu da Torra agerraldia egiteko.
"Herritarren borondatea guztiaren gainetik dago eta errespetatu egin behar dugu, kosta ahala kosta", azpimarratu du.
"Beti egin duen moduan, oraingoan ere parlamentari gisa dagozkidan eskubideak bermatu ditzala eskatzen diot Torrent presidenteari, eta Parlamentuko diputatu guztiei dei egiten diet egoera irregular honi, legez kanpoko gertakari honi buelta eman diezaiogun", erantsi du.
"Nahikoa da herritarren hitza ez betetzeaz. Kataluniako diputatu eta presidentea naiz, eta egoera hori Parlamentuak soilik alda dezake", adierazi du.
Ildo horretan, Torrak gaineratu du Xavier Muro idazkari nagusiak ez duela eskumenik bera gaitasun-gabetzeko.
Torrentek, bilkuraren hasieran, berretsi du Torrak Generalitatearen presidentea izaten jarraitzen duela. Torrak aldeztu du ez zuela bere gaitasungabetzearen gaineko informaziorik, eta bere eskubideak babesteko helburuarekin irteten zela hitz egitera.
Ciudadanosek "gaizkile" deitu dio Torrari
Quim Torrak hitz egin ostean, Roger Torrentek bertan behera utzi du oso bilkura minutu batzuetan zehar; izan ere, tirabirak izan ditu Ciudadanosen Kataluniako lider Lorena Roldanekin eta alderdi horretako gainerako diputatuekin. Hain zuzen, Torrentek kargu hartu die Torrari "gaizkile" deitzeagatik.
Roldanek, Kataluniako presidentearen agerraldia amaituta, azken horri erantzuteko hitz egin du, eta "gaizkile" deitu dio Torrari. Torrentek eskatu dio esamolde hori ez erabiltzeko, eta kargu hartu dio "kalumniak esateagatik".
Roldanek argudiatu du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak zigortuta duela Torra, eta, hortaz, presidentea "zalantzarik gabeko gaizkilea" dela. Orduan, Torrentek bigarren aldiz hartu dio kargu; une horretan, Ciudadanoseko gainerako diputatuak aulkietatik altxatu dira, txaloka, eta "gaizkile" oihukatzen hasi dira.
Hori dela eta, Torrentek Cuidadanoseko talde osoari hartu dio kargu, baina horiek ez diote kasurik egin. Hortaz, osoko bilkura etetea erabaki du Ganberako presidenteak, "kalumniak esaten ari zirelako".
Erabakiaren berri eman eta gero, Carlos Carrizosa Ciudadanosek presidenteak eztabaida izan du Torrentekin, eta, gerora, ia diputatu guztiek alde egin dute Parlamentutik, Ciudadanosekoek izan ezik.
JxCat-ek ez du bozkatu eta Parlamentuak atzera bota ditu Aurrekontuak
Torrari diputatu-akta kendu ostean, JxCat-ek uko egin dio Parlamentuko bozketan parte hartzeari eta, ondorioz, 2020rako Aurrekontuak atzera bota dituzte.
Albert Bateek JxCat talde parlamentarioaren presidenteak iragarri du Torrari elkartasuna adierazteko keinu gisa, Ganberan egitasmoa ez azaltzea eta ez bozkatzea erabaki dutela.
Duela bi aste inguru, Ciudadanosekin eta PPrekin adostu zituzten Aurrekontuak. Parlamentuko Mahaian egindako bozketan, ERC, PSC eta CUP abstenitu egin ziren eta komunek kontrako botoa eman zuten. Baina egitasmoak aurrera egin zuen.
Ondoren, JxCat proiektuan aldaketak egiteko prest agertu zen, ERCren babesa lortzeko asmoz, eta horrek botoak aldatzea ekarri zuen.
Azkenean, baina, Aurrekontuak ez du inolako babesik lortu. PPk, CUPek eta komunek kontra bozkatu dute (16) eta ERCk, PSCk eta Ciudadanosek abstentzioaren alde (82) egin dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa