08:32

Politika

Larrialdi klimatikoa

Espainiako Gobernuak larrialdi klimatikoa deitu du

Agentziak | Erredakzioa

Lehentasunezko 30 neurri bultzatzeko konpromisoa hartu du Sanchezen gobernuak, horietako bost legealdiko lehen 100 egunetan, klima-aldaketari aurre egin eta enplegu berdea sustatzeko asmoz.

  • Klima aldaketaren aurkako manifestazioa.

    Klima aldaketaren aurkako manifestazioa. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuak klimaren eta ingurumenaren larrialdi egoera deitu du, eta legealdiko lehen 100 egunetan premiazko neurriak hartuko ditu, hala nola Klima Aldaketaren Legea Kongresura igortzea eta 2050erako karbonoaren neutraltasuna lortzeko bide-orria zehaztea.

Horrela jakinarazi du Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministro eta presidenteordeak, Ministroen Kontseiluaren ostean egindako agerraldian. Gainera, aldaketa klimatikoari buruzko herritarren batzarra sortuko dutela iragarri du, eta gazteen parte-hartzea ere izango duela.

Ministroen Kontseiluak onartu duen adierazpenaren bidez, lehentasunezko 30 neurri bultzatzeko konpromisoa hartu du Sanchezen gobernuak, horietako bost legealdiko lehen 100 egunetan, klima-aldaketari aurre egiteko eta enplegu berdea sustatzeko, eta ahaleginak batu eta "inor atzean ez uzteko, ahulenen zailtasunei denon artean aurre egiteko", gaineratu du Riberak.

Halaber, 2050erako karbonoaren neutraltasuna lortzeko eta sistemak behar duen eraldaketa bultzatzeko pizgarri fiskalen alde agertu da Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramailea.

Zehazki, etorkizun bidezkoagoa eta parekideagoa denon artean lortzea da ekimen horren helburua, trantsizio ekologikoaren aukerak aprobetxatuko dituena zeharkako politiken bidez, herritarrak erdigunean jarriz, eta esplorazio-eskaera berriak baztertuko dituena, azterketak egiteko baimenak edo hidrokarburoak ustiatzeko emakidak eta fracking bidezkoak tartean.

Akordio horren bidez, ingurumen hezkuntzako ekintza plan bat onartzeko eta osasun eta ingurumen plan nazional bat martxan jartzeko konpromisoa hartu du Espainiako koalizio-gobernuak jasangarritasuna bultzatzeko.

Halaber, landa-garapenerako, biodibertsitatea babesteko eta trantsizio energetikorako aukerak bultzatzeko politikekin sinergiak estutzeko eskatzen du akordioak, enplegu berdea sustatzeko asmoz.

Horrez gain, adierazpenak jasotzen duenez, beharrezkoa da ekonomia zirkularraren estrategia eta erabilera bakarreko plastikoen arazoari helduko dion hondakinen lege bat sortzea, 2050erako proposatutako "zero hondakina" helburua lortzeko, baita mugikortasun iraunkorra eta garraio publikoa finantzatzeko lege bat ere, eta 50.000 biztanletik gorako udalerriek premiaz emisio txikiko eremuak ezar ditzaten neurri zehatzak hartzea.

Gainera, urtea amaitu aurretik, 2030erako Espainian turismo jasangarria bultzatzeko estrategia aurkeztuko du, klima-aldaketari aurre egiteko, eta 2030ean babestutako itsas azaleraren % 30era iristeko helburua ezarri du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena