Politika
PP
Sanchezen aurrean, "PP ardatz duen hauteskunde alternatiba " osatu nahi du Alonsok
Agentzia | Erredakzioa
EAEko popularren presidenteak proposatu du bere alderdiaren inguruan "indar konstituzionalak bildu eta hauteskunde, gobernu eta botere alternatiba bat osatzea".
-
Amaya Fernandez eta Alfonso Alonso, PPren ekitaldi politikoan. Argazia: EFE
Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak esan du bere alderdiaren betebeharra, Eusko Legebiltzarra berritzeko aurten egingo diren hauteskundeen harira, Pedro Sanchezen Gobernuaren "alternatiba" izango den indar bat osatzea dela, Konstituzioaren aldeko indar guztiak batuta.
Esan duenez, "Madrilgo Gobernuaren alternatiba bat hemen sortu behar da, indarrez", Galiziaz gain, Euskadin ere hauteskunde autonomikoak egingo direlako aurten.
Popularren burua EAEko PPren inguruan indar konstituzional guztiak biltzearen eta "hauteskunde, gobernu eta botere alternatiba bat osatzearen" alde agertu da. "Hemen emango da lehenengo borrokaldia. Elkarrekin joan behar gara, indartsu", esan du. Era berean, kezkatuta agertu da independentistek babestutako Espainiako Gobernu "jendetsuagatik".
Euskal herritarrei bizikidetza bermatzeko eta ziurtatzeko, askatasunak zabaltzeko eta EAJren "klientelismoa" boteretik kentzeko eskatu die. "Beste oreka bat behar dugu Espainian eta askatasunean sinesten dugunon espazio politikoan", defendatu du.
Esan duenez, Sanchez "EAJk bozkatu duelako eta Arnaldo Otegik nahi izan duelako" da presidente. Eta defendatu duenez, Pablo Iglesias presidenteordea da Iñigo Urkullu lehendakariak hala nahi izan duelako, bere gobernuak Elkarrekin Podemosen babesari esker onartu ahal izan dituelako EAEko aurrekontuak.
EAJ eta Urkullu zipriztintzen dituzten "ustelkeria kasuak" ere izan ditu gogoan, De Miguel auziari erreferentzia eginez.
Presoak hurbiltzeko Eusko Jaurlaritzaren planari dagokionez, Alonsok uste du ETAren "historia zuritu" nahi dela eta beren krimenengatik damurik adierazi gabe eta justiziari lagundu gabe Euskal Herriko kartzeletara hurbil ditzatela nahi dela. "Lotsagarria da", azpimarratu du.