Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Fiskaltzak ulertzen du, gatazkan dauden interesak "modu zuhur eta orekatuan zaintzeko", "onargarria" dela Torraren eskaera, Gorenak epaia eman arte.
Quim Torra Kataluniako Parlamentuan. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Goreneko Fiskaltzak ostiral honetan jakitera eman duenez, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteari diputatu kredentziala kentzeko eskumena Kataluniako Parlamentuak du, eta ez Hauteskunde Batzorde Zentralak. Horregatik, ez dago Torraren defentsak egindako eskaeraren aurka Gorenak auzi horren funtsari buruz ebatzi arte. Urtarrilaren 3an Hauteskunde Batzorde Zentralak Kataluniako Parlamentuko diputatu kredentziala kendu zion Torrari.
Pedro Crespo fiskalak sinatutako 21 orrialdeko dokumentuak dioenez, gatazkan dauden interesak "modu zuhur eta orekatuan zaintzeko", "onargarritzat" jotzen da Torraren eskaera, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak ebatzi arte Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakia zuzenbidearen araberakoa den ala ez.
Fiskalak txosten horretan azaltzen duenez, Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoak "Hauteskunde Batzorde Zentralari ez dio inolako ahalmenik edo eskumenik esleitzen, ezta aitortzen ere, dagoeneko bere agintaldian dauden diputatuen kredentzialak bere kabuz baliogabetzeko eta eserlekuak hutsik uzteko".
Era berean, adierazten du Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoan jasotako bateraezintasun-arrazoien artean ez dagoela Hauteskunde Batzorde Zentralak urtarrilaren 3an aplikatutakoa. Fiskaltzaren ustez, hautaezintasun- edo bateraezintasun-arrazoi horiek "interesdunak ordezkaritza politikoa duen organoari" egokituko litzaizkioke, hau da, Kataluniako Parlamentuan kasu honetan.
Ministerio Publikoak eman du txosten hori, Salak aldeei bost eguneko epea eman ondoren, Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakia kautelaz etetea bidezkoa den ala ez jakinarazteko. Magistratuek urtarrilaren 10ean inpugnatutako akordioa kautelaz bertan behera uztea baztertu ostean hasi zen izapide hori, ez baitzuten premiazko arrazoirik ikusi horretarako.
Generalitateko presidenteak argudiatu du bertan behera utzi behar dela Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakia, Gorenak gaiaren funtsari buruzko ebazpena eman arte, hura betearazteak "konpondu ezinezko kalteak" eragin diezazkiokeelako, "oinarrizko eskubideak urratzea barne".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa