Politika
Inbestidura
Agentziak | Erredakzioa
Astearte honetan, inbestidura-eztabaidaren saioan, Aitor Esteban jeltzaleek Kongresuan duten bozeramaileak nabarmendu du erregea "beste erakunde bat" dela, eta Ganberari men egin behar diola.
Albisteak (2)
Aitor Esteban EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak ziurtatu du Espainiako errege Felipe VI.aren kontrako iruzkinak aipatutako Ganberan egiteko aukerak "bere horretan" jarraitu beharko lukeela; izan ere, Estatuko Buruzagitza "beste erakunde bat da", eta, gainerakoek bezala, Kongresuari men egin behar dio.
"Gutako asko lotsatuta irten ginen larunbateko eta igandeko ikuskizuna ikusita, eta gaur ere ematen du antzeko zerbait gerta litekeela. Baina Kongresu honetan, erregeari buruz zenbait gauza esan izan dira, aurreko egunekoak baino kontrakoagoak; eta horrela izaten jarraitu behar du, Estatuko Buruzagitza beste erakunde bat delako, eta Ganberari men egin behar diolako", adierazi du Estebanek Pedro Sanchezen inbestiduraren astearteko saioan, bozketa erabakigarria egin aurretik.
Gainera, nabarmendu du PP, Vox eta Ciudadanos "mesede eskasa" egiten ari zaizkiola erregeari, esaten ari direlako "Gobernuak ez duela zilegitasunik izango, eta ez duela bat egiten erakunde-parametroekin". Estebanek hiru alderdi horiei gogorarazi dienez, erregeak berak proposatu zuen "Sanchez traidorea" Gobernuaren presidentetzarako hautagai gisa, "dagoeneko PSOEren eta Unidas Podemosen akordioaren berri genuenean".
"Bitxia da: erregeak hala nahi izan duelako ari gara hemen gaur denok bozkatzen Sanchezen hautagaitza. Erregeak Casado, Abascal edo Arrimadas proposa zezakeen, baina kontua da Sanchez traidorea proposatu duela; zuen logikaren arabera, arduragabekeria handia da erregearen aldetik", esan die EAJk eskuineko alderdiei.
Aitor Esteban sortuko den koalizio gobernuari ere zuzendu zaio, eta Kongresura “errezeta berriak” ekar ditzan eskatu dio, “ezinezkoa dena posible bilakatzeko”, eta, horrela, "Estatuak duen krisitik irten ahal izateko. Ia urtebete daramagu Gobernurik gabe, eta, gainera, Katalunian eta Euskadin desblokeoa behar da, elkarrizketatik eta ez lehiatik".
Koalizio gobernua, irtenbide bakarra
Estebanen ikuspuntutik, Sanchezek eta Iglesiasek adostutako Gobernua "konponbide bakarra da", azaroaren 10eko hauteskunde-emaitzak aztertuta: "Hortaz, merezi du ahalegina egitea".
Dena dela, Estebanek ohartarazi die Gobernua osatuko duten bi alderdiei "ez geratzeko ministroak izatearekin"; hori egingo balute, "porrot egingo lukete, eta aurrera egitea oso zaila izango litzateke".
"Konfiantza dut, eta uste dut Gobernu honetan politikariek egingo dutela politika, eta akordioak errespetatuko dituztela. Benetan zaila dena bihar hasiko da, eta hitz ematen dut sorreran laguntza emango dugula. Badakit irtenbide bakarra dela, beraz saiatzea merezi du".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa