Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Hauteskunde Batzordeak Junqueras ezin dela eurodiputatu izan ebatzi zuen arren hartu du erabakia ganberak, eta, Junquerasek ere asteleheneko saioan parte hartzeko aukera izatea espero du.
Oriol Junqueras. Artxiboko argazkia: EFE
Europako Parlamentuak eurodiputatu izaera onartu die astelehen honetan Oriol Junqueras ERCko buruzagiari, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiari eta Toni Comin kontseilari ohiari.
Erabaki hori Espainiako Hauteskunde Batzordearen ebazpenaren ondorioz hartu da. Horren arabera, Junquerasek ezin du eurodiputatu izan, sedizio eta diru publikoa bidegabe eralbitzea leporatuta 13 urteko kartzela-zigorra ezarri ostean.
Alabaina, Europako Parlamentuaren jakinarazpenean, politikari independentisten gaineko erabakia datorren asteleheneko osoko bilkuran eraginkorra egingo dela adierazten da. Hala, Junquerasek ere saio horretan parte hartzeko aukera izatea espero dute Europako Parlamentuko ordezkariek.
Dena dela, testuak zehazten duenez, eurodiputatu estatus horrek 2019ko uztailaren 2tik atzeraeraginezko izaera du, izan ere, herritarrek 2019-2024 legealdirako aukeratu zituzten eurodiputatu.
"Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2019ko abenduaren 19an emandako epaiaren ondoren, 2020ko urtarrilaren 13ko osoko bilkuran, Antoni Comin i Oliveres, Oriol Junqueras i Vies eta Carles Puigdemont i Casamajo Europako Parlamentuko kide izateko hautatu zituztela aintzat hartuko du ganberak", irakur daiteke Europako Parlamentuaren idatzian.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) abenduaren 19an eman zuen epaiaren arabera, joan den maiatzeko Europako hauteskundeen ondoren Junquerasi eurodiputatu estatusa onartu behar izan zitzaion jada, eta, ondorioz, eurodiputatu gisako immunitatea izan behar zuen. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik ez zion zigorrik ezarri.
Hala, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiari eta Toni Comin kontseilari ohiari ere mesede egin zien epai horrek. Belgikara egin zuten ihes biek, eta oraindik ez dute zigorrik jaso, Junqueras ez bezala.
Abenduaren 20an, Puigdemontek eta Cominek behin-behineko egiaztagiria lortu zuten eurodiputatu gisa, Europako Parlamentuan eskubide osoko kide gisa onartzeko izapide formalak bete arte.
Igandean, Junquerasek eurodiputatu izatea galarazten dion ebazpena ez betearazteko eskatu zion Espainiako Hauteskunde Batzordeari, Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko asmoa baitu, bere oinarrizko eskubideak eta eskubide politikoak urratzen dituela iritzita.
Junqueras: "Zer esanik ez"
Hala, Europako Parlamentuak eurodiputatu izaera formalki onartu ostean, ez dagoela "ezer gehiago esateko" nabarmendu du Junquerasek Twitter bidez zabaldu duen mezu batean.
Puigdemontek ere Europako Parlamentuak gaur hartutako erabakiaren gaineko iritzia eman du sare sozialetan. "Erorketa politiko eta judizial baten eraispena. Zuzenketa".
Puigdemontek eta Cominek akreditazio iraunkorrak jaso dituzte
Bestalde, Puigdemontek eta Cominek astelehen honetan bertan jaso dituzte euridiputatu akreditazio iraunkorrak.
Europako Parlamentuko iturriak aipatuta EFE agentziak azaldu duenez, biek zenbait izapide egin behar dituzte oraingoz eurodiputatu gisa aritu ahal izateko, hala nola bateraezintasun adierazpen bat sinatzea.
Agiri horiek sinatu eta gero, Ganberako saioetan parte hartu ahalko dute jada.
Horrenbestez, Puigdemontek eta Cominek Kataluniako Parlamentuko diputatu aktei uko egin beharko diete.
Europako Parlamentutik zehaztu dutenez, “hurrengo egunetan” sinatuko dituzte agiriok.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa