07:40

Politika

Inbestidura ondoren

Espainiako lehen koalizio Gobernuaren osaketa bihar iragartzea espero dute

Agentzia | Erredakzioa

Manuel Castells (Unibertsitateak), Alberto Garzon (Kontsumoa), Irene Montero (Berdintasuna) eta Yolanda Diaz (Lana) ministroak izango dira. Bestalde, Iglesias presidenteorde soziala izango da.

  • Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruzagia Pedro Sanchez agurtzen. Argazkia: EFE/Juan Carlos Hidalgo

    Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruzagia Pedro Sanchez agurtzen. Argazkia: EFE/Juan Carlos Hidalgo

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pedro Sanchez presidentegaiak Gobernu berriaren osaketa bihar, asteazkena, jakinarazteko asmoa du, erregearen aurrean karguaren promesa egin ondoren, beti ere inbestiduraren bigarren bozketan Kongresuak presidente izendatzen baldin badu, ezustekorik ezean.

Exekutibo berria berehala osatu eta martxan jartzeko asmoa dute, demokraziako aurreneko koalizio Gobernuaren lehen Ministro Kontseilua aste honetan bertan egin ahal izateko, Ahora Podemoseko eta Exekutiboko iturriek baieztatu dutenez.

Espero bezala, asteartean Sanchezek aldeko kontrako baino boto gehiago lortzen baldin baditu, Meritxell Batet Ganberako presidentea Zarzuela jauregira joango da, inbestidura eztabaidaren emaitza formalki erregeari jakinarazteko.

Estatuburuak Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko errege-dekretua sinatu behar du, eta neurria Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain laster indarrean sartuko da. Ondoren, Sanchezek karguaren promesa egin ahal izango du bihar goizean.

Arratsaldean, koalizio Gobernu berriaren osaketa jakitera ematea espero da.

Ministroak iragartzeko Moncloa jauregian Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek elkarrekin agerraldia egiteko aukera PSOEren eta Unidas Podemosen mahai gainean dago, baina oraindik ez dute erabakirik hartu.

Unidas Podemoseko presidenteordea eta lau ministroak. Argazkia: EFE

Hiru presidenteordetza, eta Unidas Podemoseko lau ministro

Iglesiasek presidenteorde soziala, Carmen Calvo presidenteorde nagusia eta Nadia Calviño presidenteorde ekonomikoa izango dira.

Baieztapen ofizialaren faltan, Unidas Podemosen gainerako ministerioak hauek izango lirateke: Manuel Castells soziologo eta ekonomialaria Unibertsitate ministroa izango da; Alberto Garzon Kontsumo ministroa; Irene Montero Berdintasun ministroa eta Yolanda Diaz Lan ministroa.

Gobernuaren osaketa iragarri ondoren, ostegunean Estatuko Aldizkari Ofizialak ministroen izendapenak argitaratuko lituzke, eta egunean bertan kargua betetzea hitzemango lukete erregearen aurrean, Zarzuela jauregian, eta segidan karguaz jabetuko lirateke.

Horrela, Ministro Kontseilu berriaren aurreneko bilera ostiralean egingo litzateke, Exekutiboko iturriek baieztatu dutenez.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena