Politika
Inhabilitazioa
agentziak | erredakzioa
Generalitatearen presidenteak adierazi duenez, "Parlamentuak kontrakoa esaten ez duen arte, diputatu eta presidente izaten jarraituko dut". Larunbat honetan bilkura berezia egingo dute Parlamentuan.
Quim Torra Kataluniako presidentea. Argazkia: EiTB
Quim Torra Generalitatearen presidenteak esan du presidente izaten jarraituko duela Parlamentuak kargugabetzen duen arte.
"Parlamentuak kontrakoa esaten ez duen arte, diputatu eta presidente izaten jarraituko dut, eta nire karguaren funtzioak betetzen", azaldu du Torrak Palau de la Generalitaten, Gobernuko kideekin batera egindako adierazpen instituzionalean.
Torrak berretsi du Parlamentak bakarrik ken diezaiokeela kargua, eta Hauteskunde Batzordearen erabakia "Kataluniako erakundeen aurkako beste Estatu kolpe bat" dela.
Horren harira, Parlamentaren aparteko osoko bilkura eskatu du larunbat honetarako, Hauteskunde Batzordeak agindu duen inhabilitazioaz adierazpen bat adosteko, eta minutu batzuk geroago, Roger Torret ganberako presidenteak aparteko bilkura deitu du bihar 17:00etan. Torrentek esan du Torraren aparteko agerraldi baterako bilkura izango dela.
Kataluniako presidenteak salatu du Hauteskunde Batzordeak bere egin dituela "ez dagozkion funtzioak, irmoa ez den ebazpen bat interpretatuta". Gogorarazi du Generalitatearen presidentea kargugabetzen saiatzen diren bigarren aldia dela, aurreko legegintlaldian 155arekin Puigdemont kargutik kendu ostean.
"Oraingoan, 155a egingo dute Senatutik pasatu ere egin gabe", adierazi du, eta iragarri Hauteskunde Batzordearen erabaki "autoritario eta irregularra"ren aurkako helegite posible guztiak aurkeztuko dituela.
Era berean, Kataluniako erakundeak defendatzeko "Espainiako Estatuan eta Europan" ahal duen guztia egingo duela hitzeman du, Hauteskunde Batzordeko sei kidek boto partikularrak emango dituztela aipatu aurretik.
Torrak berretsi du Kataluniarekin duen konpromisoa irmoa dela, eta ohartarazi du ez dela irtenbiderik egongo "errepresioak" aurrera jarraitzen badu.
"Espainiarentzat ez dago irtenbiderik errepresioaren bide gogorrak jarraitzen badu. Gaur Kataluniaren borondate demokratikoa urratu nahi dute. Baina hautesleen eta ordezkaritza eskubideen aurkako erasoa ere bada. Herrialde honetan botoa ematen duen herritarren aurkakoa. Eta ez dugu sekula ahalbidetuko", gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa