20:24

Politika

Katalunia

Torraren inhabilitazioak erreakzio politiko oldea ekarri du

agentziak | erredakzioa

PSOEk "zalantza handiak" ditu Batzordeak Torra inhabilitatzeko duen eskumenaren inguruan. Junts per Catalunyak salatu du "aberrazio juridikoa eta demokraziaren aurkako beste eraso bat" dela.

  • Torra, Parlamentuan. Argazkia: Efe

    Torra, Parlamentuan. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Hauteskunde Batzordeak Quim Torra diputatu gisa inhabilitatzea baieztatu ostean, alderdi politikoetako ordezkarien adierazpenak segituan iritsi dira.

Hala, Torraren alderdiak berak, Junts per Catalunyak, salatu du erabakia "aberrazio juridikoa eta demokraziaren aurkako beste eraso bat" izan dela, eta azpimarratu du "Kataluniako presidentea Parlamentak" aukeratzen duela, "ez auzitegiek".

Horren harira, ERCk hauxe adierazi du: "Espainiako Hauteskunde Batzordeak Quim Torraren inhabilitazioa agindu du. Politikaren eta demokraziaren aurkako beste ekintza bat. Zure ondoan gaude, president".

Adriana Lastra PSOEren Kongresuko bozeramaileak esan du "zalantza handiak" dituela Hauteskunde Batzordeak Torra eta Junqueras inhabilitatzeko duen eskumenaren inguruan, eta Auzitegi Gorenak ahal bezain laster erantzutea espero duela.

Lastrak berretsi du Espainiako Hauteskunde Batzordea ez dela "jurisdikzio organoa, administratiboa baizik".

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak esan du albisteak "Kataluniako egoera gehiago nahasten eta korapilatzen" duela. Gainera, gogorarazi du erabakia errekurritu egin daitekeela eta "korapiloa askatu eta ez gauzatzea" espero duela.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak kritikatu du "administrazio organo batek Generalitateko presidentea inhabilitatu izana". Bere ustez, "78ko erregimenaren beste sintoma bat da. Hori bai dela estatu kolpea. Kataluniako herriak soilik jartzen eta kentzen ditu presidenteak. Nire elkartasuna Quim Torra presidentearekin eta Kataluniako herriarekin".

Ines Arrimadas Ciudadanosek Kongresuan duen bozeramaileak txalotu egin du erabakia, baina gaitzetsi egin du, aldi berean, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea independentistekin itunak egiten aritzea.

Iñigo Errejon Mas Paisen buruak Hauteskunde Batzordearen "astakeriaren" kontra egin du, eta bere jardunetik "harago" joan dela salatu du.

Pablo Casado PPren buruak, berriz, Generalitateko presidentea "berehala kargugabetu" beharra dagoela, eta bestela Sanchezek hori egitera "behartu" beharko lukeela adierazi du.

Generalitatearen presidente ohiak, Carles Puigdemontek, "amorragarri eta lotsagarri" jo du inhabilitazio agindua: "155a bezalakoa da, baina Senatutatik pasatu gabe".

Carles Riera CUPen diputatuak kritikatu du Estatuak "jada erantzun" diela "itunei", PSOEk ERCrekin egindako akordioari erreferentzia eginez.

Comunen bozeramaileak, Joan Menak, adierazi du "zigor irmorik ez duen presidente bat inhabilitatzen duen batzordeak" ez lukeela "esku hartu beharko une politiko zail honetan".

Alberto Garzon Izquierda Unidaren (IU) koordinatzaile federal eta Unidas Podemosen diputatuak oso gogor jo du erabakiaren aurka, eta Hauteskunde Batzordea eskuindarren "beso judizial atzerakoia" dela esan du.

ANCri dagokionez, Hauteskunde Batzordeak Generalitatearen presidentea inhabilitatzeko "inolako zilegitasunik ez" duela salatu du, eta elkarretaratzea deitu du Bartzelonan.

Omniumek Estatuaren "mendeku" gisa hartu du erabakia, eta legea manipulatzea leporatu dio.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena