Politika
Hauteskunde Batzordea
agentziak | erredakzioa
Quim Torrak Parlamentuko diputatu kargua galduko du, eta Kataluniako Estatutuak dioenaren arabera, ezingo du presidente izan.
Espainiako Hauteskunde Batzordeak Quim Torra Kataluniako presidenteari diputatu agiria kentzeko agindua eman du, eta horrek presidente karguaren inhabilitazioa ekarriko du. Izan ere, Kataluniako Estatutuak agintzen du diputatu izan beharra dagoela presidente izateko.
Horrela, Hauteskunde Batzordeak aintzat hartu du PPren helegitea, bai eta Ciudadanosena eta Voxena ere, hein batean. Abenduaren 19an jasotako zigorra berehala ezartzeko eskatzen zuten.
Batzordearen arabera, hauteskunde legeak jasotzen duen "gerora sortutako hautatua izateko ezintasunaren arrazoia" dago Torra inhabilitatzeko, abenduaren 19ko zigor ebazpena hain zuzen ere.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak urte eta erdiko inhabilitazioa ebatzi zuen Torraren aurka Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua ez betetzeagatik, apirilaren 28ko hauteskundeak baino lehen eraikin publikoetatik lazo horiak ez kentzeagatik, alegia.
Gainera, Batzordeak azpimarratu du Torrak Kataluniako Parlamentuko diputatu agiria galdu behar duela erabakiaren jakinarazpena jasotzen duen unean.
Horregatik, Bartzelonako Probintzia Hauteskunde Batzordeari diputatu postua hutsik dagoela adierazteko agindu dio, erabakia osotasunean jakinarazten denean.
Kataluniako Autonomia Estatutuak diputatu izatera behartzen du Generalitateko presidentea. Ondorioz, Torra inhablitatuta geratuko da presidente gisa diputatu izaera galtzen duenean.
Espainiako Hauteskunde Batzordearen ebazpenak sei boto partikular jasotzen ditu. Boto partikular horietan "eskumena" kentzen diote Bartzelonako Batzordeari, zigorra irmoa ez zenez Torrak karguan jarraitu behar zuela erabaki zuen erakundeari hain zuzen ere.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa