14:20

Politika

Belgika

Belgikako justiziak Puigdemont eta Cominen aurkako euroagindua bertan behera utzi du

Agentziak | Erredakzioa

Hortaz, atxilotze eta estradizio arriskua alboratu dute bi politikariek. Auzitegiak immunitatea aitortzen die biei, Europar Parlamenturako azken hauteskundeetan aukeratuak izan zirelako.

  • Puigdemont europarlamentari txartela erakusten

    Puigdemont europarlamentari txartela erakusten. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak jakinarazi du Belgikako justiziak bertan behera utzi dituela bere euroagindua eta Toni Comin kontseilari ohiarena, eta aitortu die immunitatea dutela eurodiputatu gisa.

Europa Press albiste-agentziak jasotako ingelesezko txio batean, Puigdemontek pozik hartu du erabakia, eta Espainiako justiziari eskatu dio gauza bera egiteko eta Oriol Junqueras ERCko buruzagia askatzeko: "Belgikak bezala jokatu behar du Espainiak, eta legea errespetatu".

"Belgikako justiziak gure immunitatea aitortzen du, eta atxilotzeko eta estraditatzeko agindua bertan behera uztea erabakitzen du! Baina orain oraindik Junqueras askatzeko zain gaude, guk dugun immunitate bera baitu. Espainiak Belgikak bezala jokatu behar du eta legea errespetatu", adierazi du.

Puigdemonten defentsako iturriek azaldu dutenez, Lluis Puig kontseilari ohiaren aurkako euroagindua otsailaren 3an Bruselako lehen auzialdiko auzitegian egingo den ikustaldiaren zain dago oraindik.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaiaren ostean hartu dute erabakia; izan ere, Oriol Junqueras ERCko buruak immunitatea izan behar zuela onartu zuen, eurodiputatu gisa hautatua izan zelako, eta Puigdemonti eta Comini eurodiputatu izateko baimena eman zien.

Puigdemontek eta Cominek ohar batean azpimarratu dutenez, euroagindu hori "Espainiako justiziaren hirugarren saiakera" zen, eta oraingoz bertan behera geratu da, behintzat Europako Parlamentuak immunitatea kentzen dien arte.

Biek aldarrikatu dute agerian geratu dela, "Espainiako Estatuak oraindik mantentzen duen atxilotzeko eta estraditatzeko euroaginduak argi eta garbi kontraesaten duela presidente ohiaren eta kontseilari ohiaren immunitatea aitortzen duen Europako araudia".

"Espainiako Justiziak erbestean dauden Kataluniako Gobernuko kideen estradizioa lortzeko egindako saiakera guztiak amaitu dira", esan dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena