Politika
EB-ren ebazpena
agentziak | erredakzioa
Kataluniako presidente ohiak espero du ebazpenak eurodiputatu egiaztagiria jasotzea ahalbidetuko diela berari eta Toni Comin kontseilari ohiari.
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia. Argazkia: Efe
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak adierazi du Oriol Junquerasi eurodiputatu immunitatea aitortu dion Europar Batasunaren Justizia Auzitegiaren ebazpenak "aukera politiko berriak" irekitzen dituela.
"Gaur aukera politiko berriak ireki dira, eta hemen gaude aprobetxatzeko", adierazi du Puigdemontek Belgikan, Generalitatearen bulegoan emandako prentsaurrekoan.
Kataluniako presidente ohiak espero du ebazpenak eurodiputatu egiaztagiria jasotzea ahalbidetuko diela berari eta Toni Comin kontseilari ohiari, Junquerasen moduan eurodiputatu hautatu baitzituzten.
"Gaur, Europako justiziak gehiago egin du gure alde, azken bi urteetan Espainiako Estatuaren errepresioak eta Europako erakundeen isiltasun lotsagarriak baino", azaldu du.
Puigdemontek azpimarratu du Junqueras espetxera eraman duen prozesu judiziala "irregulartasunez gainezka" egon zela, eta zigortu zuen ebazpena "berehala" bertan behera geratzeko eskatu du.
Europarlamentuaren aurreko zuzendaritzak, Antonio Tajani italiarra buru zuenak, sarrera "modu lotsagabean galarazi" izana salatu du.
Ondoren, Espainiari eta Europako erakundeei, Madrili "orain arte erabateko babesa eman diotenei", "gogoeta" egiteko eta Kataluniarentzat "irtenbide negoziatu eta justua bilatzeko ardura" bere egin dezatela galdegin die.
Izan ere, Puigdemonten arabera, gaurko ebazpenak agerian uzten du "oinarrizko eskubideak urratu" dituztela.
Inbestidura, Torra eta Perpinya
Kataluniako presidente ohiak esan du gaurko ebazpenak ez duela berehalako eraginik izango Pedro Sanchez PSOEren buruzagiaren inbestidura saioan, eta berretsi du JxCat-en abstentzioa edo babesa nahi izanez gero, negoziatu egin beharko dela.
"Eta negoziazio bat edukiekin. Ez da musutruk izango", gaineratu du.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Quim Torra presidentea gaitasungabetzearen inguruan, esan du "egutegia oso irekia" dela zer gertatuko den aurreratzeko, baina dena delakoa gertatzen dela, ez duela bere burua aurkeztea pentsatu.
Bestalde, Puigdemontek baztertu egin du Ipar Kataluniako Perpinyara bizitzera joatea, eta gezurtatu egin du han etxea alokatu izana.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa